Otomandar Inperioa

Otomandar Inperioa
دَوْلَتِ عَلِيّهٔ عُثمَانِیّه
Devlet-i ʿAliyye-i ʿOsmâniyye
Yüce Osmanlı Devleti
Otomandar Estatu Gorena
1299 – 1923
Autokrazia
Otomandar Inperioko bandera

Otomandar Inperioko armarria

Geografia
HiriburuaSöğüt (1302–26)
Bursa (1326–65)
Edirne (1365–1453)
Istanbul (Constantinopla) (1453–1922)
Kultura
Hizkuntza(k)Otomandar turkiera (ofiziala) eta beste asko
ErlijioaIslam sunia eta beste gutxiengo batzuk.
Historia
Sorrera1299
I. Konstituzioa1876 - 1878
Sultanerriaren ezeztapena1922ko azaroaren 1a
Lausannako Tratatua1923ko uztailaren 24
Aurrekoak
Bizantziar inperioa
Rumeko Sultanerria
Ondorengoak
Turkiako Behin-behineko Gobernua
Lehen Heleniar Errepublika
Egiptoko Kediverria
Bosnia-Herzegovinako probintzia inperiala
Diriyahko Emirerria
Albaniako Behin-behineko Gobernua
Errumaniako Erresuma
Bulgariako Printzerria
Britainiar Zipre
Frantziar Aljeria
Tunisiako frantziar protektoratua
Kuwaiteko Sheiksuna
OELA
Libia italiarra
Yemengo Erresuma
Otomandar Inperioaren mapa.

Otomandar Inperioa[1] (otomandar turkiera zaharrean: دولت عالیه عثمانیه, Devlet-i Âliye-yi Osmâniyye; azken otomandar turkieran eta egungo turkieraz: Osmanlı Devleti edo Osmanlı İmparatorluğu) 1299tik 1922 arte turkiarrak buru zituen inperioa izan zen, etnia eta erlijio anitzekoa.[2] Boterearen erpinean (XVI. eta XVII. mendeetan), hiru kontinentetan zehar hedatzen zen: hego-ekialdeko Europan, Ekialde Hurbilean eta Iparraldeko Afrikan. Mendebaldean, egungo Marokoko mugetaraino; ekialdean, Kaspiar itsasoraino; iparraldean, egungo Austriako mugetaraino; eta hegoaldean, egungo Somaliaraino. Hogeita bederatzi probintzia —gehi bere mendeko Moldavia, Transilvania eta Valakia printzerriak— izatera iritsi zen. Inperioari batzuetan Ate Gorena ere esaten zaio. Hala ere, horrek berez Otomandar Gobernua izendatzen du, sultanaren jauregian kanpotarrentzat irekita zegoen ate bakarra baitzen.[1][3]

Konstantinopla hiriburua izanik, eta Mediterraneoko arroaren inguruko lurren kontrola hartuta, Otomandar Inperioa ekialdeko eta mendebaldeko munduen arteko elkarrekintzen erdian egon zen sei mendez. Nahiz eta lehen uste izan Inperioa gainbeheran sartu zela Suleiman I.a hil ondoren, iritzi hori ez dute babesten unibertsitateko historialari gehienek. Inperioak ekonomia, gizartea eta armada indartsu eta malguak mantendu zituen XVII. eta XVIII. mendearen zati handi batean.[4][5][6] Otomandarrek porrot militar larriak jasan zituzten XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran, eta, horren ondorioz, Tanzimat izeneko eraberritze eta gaurkotze prozesu zabal bati ekin zioten. Hala, XIX. mendean zehar, Otomandar estatua askoz indartsuago eta antolatuago bihurtu zen, nahiz eta lurralde galera gehiago izan, batez ere Balkanetan, non estatu berriak sortu baitziren.[5] Inperioa XX. mendearen hasieran Alemaniarekin aliatu zen, azken lurralde galerak eragin zituen isolamendu diplomatikotik ihes egin nahirik, eta, hala, Lehen Mundu Gerran sartu zen Erdialdeko Inperioekin batera.[7] Ez zen oso prestatua gerra moderno batean parte hartzeko, eta inperioak barne tentsio garrantzitsuei ere aurre egin behar izan zien, batez ere bere arabiar lurraldeetan, 1916-1918ko arabiar iraultzarekin. Bien bitartean, Otomandar gobernuak abusuak egin zituen, baita genozidioa ere, armeniarren,[8] asiriarren eta greziarren[9] aurka.

Inperioaren gainbeheraren erdian, Lehen Mundu Gerraren ondoren potentzia aliatuek haren lurraldearen zati bat okupatu zutelarik, Otomandar Inperioa zatitu egin zen; Ekialde Hurbileko lurraldeak galdu zituen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren artean banatuta, Nazioen Ligaren aginduen arabera, aintzat hartutako lurraldeen independentziaren zain: Palestina, Mesopotamia (geroago Irak izango zena), Siria eta Libano. Turkiako independentzia gerrak okupatzaile aliatuen aurka izandako arrakastaren ondorioz, Turkiako Errepublika sortu zen, 1923ko urriaren 29an, Ankaran, Anatoliaren bihotzean aldarrikatua, eta monarkia otomandarra indargabetu zen.[10]

  1. a b Euskaltzaindia. Anatoliako eta Hego Kaukasoko toponimia. .
  2. «Otomandar Inperioa - Lugares - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  3. «Otomandar Inperioa» Google Arts & Culture (Noiz kontsultatua: 2022-01-26).
  4. (Ingelesez) Gábor Ágoston, Bruce Alan Masters. Encyclopedia of the Ottoman Empire. www.worldcat.org ISBN 978-0816062591. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  5. a b (Ingelesez) Donald Quataert, Halil İnalcık. An economic and social history of the Ottoman Empire, 1300-1914. www.worldcat.org ISBN 978-0521574563. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  6. (Ingelesez) Virginia H. Aksan. (2007). Ottoman Wars 1700-1870: An Empire Besieged. Longman/Pearson ISBN 978-0-582-30807-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  7. (Ingelesez) Carter V. Findley. Turkey, Islam, nationalism, and modernity : a history, 1789-2007. www.worldcat.org ISBN 978-0300152616. (Noiz kontsultatua: 2023-05-15).
  8. (Ingelesez) Donald Quataert. The Ottoman Empire, 1700-1922. www.worldcat.org ISBN 978-0521839105. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  9. (Ingelesez) Dominik J. Schaller; Jürgen Zimmerer. (2008-03). «Late Ottoman genocides: the dissolution of the Ottoman Empire and Young Turkish population and extermination policies—introduction» Journal of Genocide Research 10 (1): 7–14.  doi:10.1080/14623520801950820. ISSN 1462-3528. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).
  10. (Ingelesez) Douglas A. Howard. (2017-01-09). A History of the Ottoman Empire. Cambridge University Press ISBN 978-1-108-10747-1. (Noiz kontsultatua: 2023-05-16).

Developed by StudentB