Azalera | 9.000.000 km² |
---|---|
Biztanleria | 44.491.724 bizt. (2021) |
Biztanle-dentsitatea | 4,94 bizt/km² |
Jentilizio | ozeaniar |
Herrialdeak | 14 |
Dependentziak | 21 |
Hizkuntzak | 30 hizkuntza ofizial |
Hiri nagusiak | Sydney, Melbourne, Brisbane, Perth, Auckland |
Ozeania Australasia, Melanesia, Mikronesia eta Polinesia batzen dituen eskualde geografikoa da[1][2]. Ekialdeko eta Mendebaldeko hemisferioan dago, hemisferio ozeanikoaren erdian. Lur eremua 9.000.000 kilometro koadro ingurukoa da, eta biztanleria 44,4 milioi 2021ean. Beste kontinente batzuekin alderatuta, Ozeania da lur eremurik txikiena duena eta, Antartikaren ostean, populazio txikiena duena.
Ozeaniak hainbat ekonomia nahasten ditu, besteak beste, Australiako, Polinesia Frantseseko, Hawaiiko, Kaledonia Berriko eta Zeelanda Berriko merkatu finantzario oso garatuak eta lehiakorrak, bizi-kalitatean eta Giza Garapenaren Indizean lehen postuak betetzen dituztenak[3], eta Kiribati, Papua Ginea Berria, Tuvalu, Vanuatu eta Mendebaldeko Ginea Berriko ez hain garatuak[4]. Hainbat uhartek ekonomia ertainak dituzte, hala nola Fijik, Palauk eta Tongak. Ozeaniako herrialderik handiena Australia da, eta hiririk handiena Sydney[5]. Puncak Jaya, Papuako (Indonesia) goiko lurretan, Ozeaniako tontorrik altuena da, 4.884 metroko altuerarekin.
Australiako, Ginea Berriko eta ekialdeko uharte handietako lehen biztanleak duela 60.000 urte iritsi ziren[6]. Ozeania europarrek lehen aldiz XVI. mendetik aurrera esploratu zuten. 1512 eta 1526 artean, esploratzaile portugaldarrak Tanimbar uharteetara, Karolina uharteetara eta Ginea Berriko mendebaldera iritsi ziren. Ondoren esploratzaile espainiarrak, eta holandarrak etorri ziren, baita euskaldunak ere; beranduago iritsi ziren britainiarrak eta frantsesak. XVIII. mendean, beranduago Hawaiira iritsiko zen James Cookek, Tahiti bisitatu zuen eta, lehen aldiz, Australiako ekialdeko kostaldea jarraitu zuen.
Ondorengo mendeetan europar kolonoen etorrerak aldaketa handia ekarri zuen Ozeaniako paisaia sozial eta politikoan. Lehen Mundu Gerran, japoniarrek lurralde alemaniar asko okupatu zituzten Ozeano Pazifikoan. Bigarren Mundu Gerran, potentzia aliatuek, Ameriketako Estatu Batuek, Filipinek (orduan, Commonwealth estatubatuarra) eta Australiak, Ardatzaren (Japonia) indarraren aurka borrokatu zuten Ozeaniako hainbat lekutan.
Australiako aborigenen labar-artea munduko tradizio artistiko zaharrena da Ozeaniako herrialde gehienak alderdi anitzeko demokrazia parlamentarioak dira, eta turismoa diru-iturri garrantzitsua da Ozeano Bareko uharteentzat[7].