Ozeano Australa | |
---|---|
Ozeanoa | Australa |
Eskualdea | Hegoaldea |
Kontinentea | Antartika |
Koordenatuak | 65°S 90°E / 65°S 90°E |
Azalera | 20.327.000 km2 |
Luzera | 17.968 km |
Sakonera | bataz bestekoa: 3270 m maximoa: 7235 m |
Ozeano Australa,[1] Hego Ozeanoa edo Hego Poloko Ozeanoa (eta beste garai batean Antartikako Ozeanoa deituta[2]) Lurraren hegoaldean dagoen ozeanoa da, 60° hego latitudeko paraleloaren (edo Zirkulu polar antartikoaren) hegoaldera eta Antartika inguratzen kokatzen dena. Denera, 20.327.000 km²-ko azalera du; tamainari dagokionez bigarren ozeano txikiena izanik, Ozeano Artikoa baino handiagoa, baina Barea, Atlantikoa eta Indikoa baino txikiagoa.[3]
James Cook esploratzaileak, 1770eko hamarkadan egin zituen bidaien bidez, planetaren hegoaldeko latitudeak urez osaturik zeudela frogatu zuen. Geroztik, Hego Poloko Ozeanoaren exisentzia eta honen iparraldeko muga dudan jarri dira geografo ezberdinen eskuz, beste ozeanoen (Pazifiko, Atlantiko eta Indikoaren) parte bezala identifikatuz. Halaber, John Leech-en arabera, Nazioarteko Erakunde Hidrografikoaren (NEH) komodoroa, ikerketa ozeanografiko berriaren arabera Itsaslaster Zirkunpolar Antartikoak garrantzi handia duela ezagutu da eta Hego Ozeanoa izena zirkulazio horren ipar-mugaren hegoaldera dagoen ur-masa definitzeko erabili da.[4] 2000. urtean La Hayan egin zen Itun Antartikoaren Kontsulta Bileratik, NEHaren polizak Ozeano Astrala 60° hego-latitudeko paraleloaren hegoaldera dagoen ur masa bezala definitzen duen arren, erabakia ez zen berretsia izan. Beste batzuen ustetan, ozeanoaren muga naturala konbergentzia antartikoak osatzen du.[5]