Panislamismoa musulmanen mugimendua da, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran sortua, Europako nazioen mendekotasunetik askatu eta herri musulman guztien batasuna lortzeko helburuarekin eratua izan zena. 1871 eta 1897 artean, Yamal al-Din al-Afganik mundu islamiarraren batasun espirituala predikatu zuen eta islamiar herrien independentzia finkatzeko europarren teknika eta zientzia-ezaguerak hartu beharra aldarrikatu zuen. Bere aldetik, Abdulhamid II.ak, Turkiako sultanak (1876-1909), europarrei aurre egiteko, bere herria islamiar estatu buru-bakarra egin nahi izan zuen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, Turkiarren Inperioa deseginik, panislamismoa krisian amildu zen eta pitinka panarabismoak hartu zuen haren lekua, kongresu batzuk egin ziren arren (Meka, 1926; Kairo, 1926; Jerusalem, 1931). Azkenik, 1950etik aurrera, Anaia Musulmanen erakundearekin zertxobait indartu zen berriro.