Patogenoa (grezieratik pathos = "gaixotasuna" eta genein = "sortu") ostalari batean gaixotasuna sortzen duen edozein eragile biologikoa da. Patogenoen artean ohikoenak hauek dira: birusak, bakterioak, onddoak, protozooak eta helmintoak. Izaki bizidunak ez izan arren prioiek ere ahalmen patogenoa dute.
Patogenesian bi faktore kontuan hartu behar dira: eragilearen ahalmen patogenoa (birulentzia) eta ostalariaren egoera immunologikoa. Gaixotasunaren agerpena bi faktore hauen arteko elkarrekintzaren ondorioa izaten da. Esaterako, birulentzia urriko mikrobioek gaitza sor dezakete ostalariaren immunitate-sistema ahulduta baldin bada. Mikrobio oportunistak kasu honen muturreko adibidea dira.
Patogeno batzuek izurrite beldurgarriak sortu zituzten aurreko mendeetan: Yersinia pestis bakterioak, esaterako, Europako biztanleria birrindu zuen XIV. mendean, izurri beltza hedatuz. Baztangaren birusa gizateriaren zigorra izan zen Lur gainetik desagertu arte (XX. mendean). Legenar eta tuberkulosiaren bakterioek ere milioika hildako eragin zituzten aurreko mendeetan. Gaur egun, mikrobiar-mehatxuek beste izenak dituzte: Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB), esaterako, HIES-aren eragilea.
Patogenoen aurkako borrokan gizakiak urrats esanguratsuak eman zituen XX. mendean: txertoen hedapenak, antibiotikoen aurkikuntzak, arau higienikoen ezarpenak, uren tratamenduak eta janari-industriaren garapenak gaixotasun infekziosoen murrizketa ekarri zuten. Aitzitik, patologia infekzioso berriak ere azaldu dira azken urteotan, mikrobioek etengabeko aldaketa genetikoak dituztelako eta haien ahalmen patogenoa ere aldatzen duelako.