Peter Paul Rubens (Siegen, Westfalia, 1577ko ekainaren 28a – Anberes, Espainiar Herbehereak, gaur egun Belgika, 1640ko maiatzaren 30a), Pieter Pauwel edo Petrus Paulus ere deitua, belgikar margolaria izan zen. Flandesko Barrokoko artista entzutetsuenetakoa izan zen, bere koadroen mugimendu, kolore eta sentsualtasun aberatsarengatik.
Anberesko eskola eratu zuen eta artelan ugarik dute haren sinadura, baina, batez ere, kontrarreformako erretauletan, erretratuetan, paisaietan eta mitologiazko margolanetan nabarmendu zen. Mitologia gaietan erakutsi zuen sentsualtasun biziak bihurtu zuen, bereziki, pintura barroko oparoaren erakusgarri nagusi. Europa osoko nobleziak eta arte biltzaileek erosi zituzten haren lantegian ekoiztutako margoak. Filipe IV.a Espainiakoak zein Karlos I.a Ingalaterrakoak zaldun izendatu zuten.