Piotr Ilitx Txaikovski[1] —errusieraz: Пётр Ильич Чайкoвский— ⓘ (Votkinsk, Errusiar Inperioa, 1840ko maiatzaren 7agreg. – San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1893ko azaroaren 6a) errusiar musikagile bat izan zen, Erromantizismo garaikoa. Balleterako egin zituen lanak dira ezagunenak (Beltxargen aintzira, Loti Ederra eta Intxaur hauskailua). Halaber, opera, orkestrarako musika eta zazpi sinfonia landu zituen.
Klase ertaineko familia batean jaioa, Txaikovskik jaso zuen heziketa funtzionario gisa prestatzera bideratua zegoen, txikitatik musikarekiko erakutsi zuen goiztiartasuna gorabehera. Bere familiaren nahien aurkara musika ikasketak egitea erabaki zuelarik, 1862an San Petersburgoko Musika Kontserbatorioan sartu zen, eta 1865ean graduatu zen. Bertan jaso zuen hezierak ―oso formala eta mendebaldeko musika estilora zuzendua― aldendu egin zuen Bosten Taldea izenaz ezagutzen zen mugimendu garaikide nazionalistaren lerrotik. Talde hori errusiar konpositore gazte batzuek osatu zuten; Txaikovskik harreman profesional eta adiskidetasun handia izan zuen haiekin bere ibilbidean zehar.
Bere estiloa garatzen zuen bitartean, Txaikovskik zenbait genero eta formatan idatzi zuen musika, sinfonia, opera, balleta, musika instrumentala, ganbera musika eta abestia, besteak beste. Batzuetan arrakasta izan zuen arren, ez zuen inoiz konfiantza edo segurtasun handirik izan bere buruaz, eta krisi pertsonalak edo depresio aldiak ugari izan zituen bizitzan zehar. Nortasun zaurgarri horretan agian lagundu zuten faktoreen artean aipa daitezke homosexualitate erreprimitua, bere izaeraren berri jakingo ote zen etengabeko beldurra, ezkontza zentzugabe eta ezin kaltegarriagoa, eta helduaroan izan zuen harreman iraunkor bakarraren bat-bateko amaiera: 13 urtez Nadezhda von Meck alargun aberatsarekin izan zuen lotura. Bizitza pertsonal aztoratu horren erdian, Txaikovskiren ospeak gora egin zuen; tsarraren aldetik ohoreak jaso zituen, biziarteko pentsio bat lortu zuen eta mundu osoko kontzertu aretoetan goraipatua izan zen. 53 urte zituela bat-batean hil zen; kolerari egotzi ohi zaio heriotza, baina historialari batzuek bere buruz beste egin zuela uste dute.[2][3]
Mundu osoko musika aretoetan ezaguna izan arren, Txaikovskik hitz gogorrak jaso zituen batzuetan kritikari eta konpositoreen aldetik. Zernahi gisaz, konpositore gisa duen ospea eztabaida guztien gainetik dago gaur egun, eta erabat desagertu da XX. mendearen hasieran eta erdialdean Mendebaldeko kritikari askoren ustea, haren musika arrunta eta pentsamendu gutxikotzat jotzen baitzuten.[4]