Pneumonia[1][2]birikei eragiten dien hantura da, gehien bat albeoloetan agertzen dena[3]. Herri hizkeran, beste izen hauek ere hartzen ditu: alborengo, birikeri, birik(et)ako min, biriketako eta birika-min.
Pneumonia, oro har, biriketako parenkimareninfekzio akutua da, toraxeko erradiografikoan infiltratu berri bati lotua. Pneumoniak eragin diezaieke: birika-lobulu oso bati (pneumonia lobularra); lobulu-segmentu bati; bronkioen inguruko albeoloei (Bronkopneumonia), edo ehun interstizialari (pneumonia interstiziala). Pneumoniak birikak osatzen dituen ehunahantu, puztu eta mina eragiten du. Pneumonia duten paziente asko anbulatorioan trata daitezke, ospitaleratze beharrik gabe.
Komunitatean hartutako pneumonia edo ospitaletik kanpoko pneumonia, berez, ospitaleetatik kanpo hartzen dena da; pneumonia nosokomiala edo ospitale barruko pneumonia, berriz, ospitaleko egonaldian (ospitalean ingresatu eta 48 ordura) hartzen dena da[4]. 48 ordu igaro ondoren, toraxeko erradiografian infiltratu berri bat gehitu behar zaio irizpideari[5]. C proteina erreaktiboa (CPE edo CRP ingelesez), sukarra (>37,8 °C) edo ezkerrerako desbiderapena duen leukozitosia (neutrofiloak gehitzea) gehituz balioetsi daitezke infekzio-zeinuak[6].
Pneumonia gaixotasun larria izan daiteke garaiz antzematen ez bada, eta hilgarria ere izan daiteke, batez ere adineko pertsonen artean eta immunodepresioa pairatzen dutenen artean[7]. Bereziki, hiesa duten pazienteek pneumokistisak eragindako pneumonia harrapatzen dute maiz. Fibrosi kistikoa duten pertsonek pneumonia izateko arrisku handia dute, etengabe jariakina pilatzen zaielako biriketan[8].
Kutsakorra izan daiteke, gaixotasuna eragiten duten mikroorganismoak azkar barreiatzen baitira airean, eta doministikuen, eztularen eta mukien bidez heda daitezke. Pneumonia izan duen pazienteak denbora luzez paira ditzake haren arrastoak bere organismoan. Hori dela eta, kutsagarri bihur dezake, eta harrapatzeko joera handiena duten pertsonak dira gripe- edo asma-ezaugarri mendean daudenak, besteak beste. Erretzeak ere arriskua biderka dezake[9].
Tratamendua azpian dagoen kausaren araberakoa da. Ustez bakterioek eragindako pneumonia antibiotikoekin tratatzen da[10]. Pneumonia larria bada, baliteke ospitaleratu behar izatea. Oxigeno-terapia erabil daiteke oxigeno-maila baxua bada (hipoxemia).