Portugaldar Inperioa

Portugaldar Inperioa
Império Português
1415 – 1999
Monarkia (1415-1910)
Errepublika (1910–1999)
bandera

armarria

Geografia
HiriburuakLisboa
Ekonomia
DiruaEscudo
Kultura
Hizkuntza(k)Portugesa
ErlijioaKatolikoa
Historia

Portugaldar Inperioa edo Portugalgo Inperio Koloniala historiako lehen inperio globala izan zen[1], eta europar inperio kolonial modernoen artean zaharrena kontsideratzen da[2][3][4], 1415ean Ceuta konkistatu zuenetik 1999an Macaoren gaineko subiranotasuna Txinara itzuli zen arte ia sei mende hartzen dituelarik. Garrantzitsua da adieraztea, erregimen monarkikoan zein errepublikarrean, Portugalek ez zuela bere burua "inperio" ofizialki izendatu.

Portugalgo itsasgizonak 1419an hasi ziren Afrikako kostaldea esploratzen, nabigazioan, kartografian eta itsas teknologian (karabela, esaterako) egindako azken aurrerapenak erabiliz, ekialdetik etorritako espezien merkataritza oparorako itsas ibilbide bat aurkitzeko. 1488an, Bartolomeu Diasek Esperantza Oneko Lurmuturra inguratu zuen, eta 1498an, Vasco da Gama Indiara iritsi zen. 1500. urtean, Pedro Álvares Cabral Brasilera iritsi zen, Hego Amerikako kostalde atlantikoan. Hurrengo hamarkadetan, lusitaniar itsasgizonek kostaldea eta Ekialdeko Asiako uharteak esploratzen jarraitu zuten, gotorlekuak eta merkataritza-postuak ezarriz. 1571n, postu aurreratu batzuek Lisboa eta Nagasaki (Japonia) lotzen zituzten, Afrika, Ekialde Ertaina, India eta Asiako kostaldean zehar. Merkataritza-sare horrek aberastasun handia eman zion Portugalgo Erresumari.

1580 eta 1640 artean, Portugalgo Erresumak eta Espainiako Inperioak errege berberak partekatu zituzten, bi herrialdeetako koroen batasun pertsonal batean. Bi inperioek bereizita administratzen jarraitu zuten arren, portugaldar koloniak, Espainiaren aurkari eta etsai ziren Europako hiru potentzien erasoen jomuga bihurtu ziren, atzerrian arrakasta iberikoak gutiziatzen zituztenak: Herbehereak, Britainiar Inperioa eta Frantziakoa. Biztanleria txikiagoarekin, Portugal ez zen gai izan bere merkataritza-postuen sare gainkargatua eraginkortasunez defendatzeko, eta inperioa gainbehera prozesu luze eta mailakatu batean sartzen hasi zen. XVII. mendean zehar Portugaldar Indian eta Asiako hego-ekialdean holandarrek eragindako galera garrantzitsuek Indiako ozeanoko merkataritza monopolioari amaiera eman zioten. Brasil, Portugalgo koloniarik baliotsuena bihurtu zena, 1822an independizatu zen, XIX. mendearen hasieran Amerikan zehar ibili ziren mugimendu independentisten uholde baten barruan. Portugaldar Inperioa, orduan, Afrikako kostaldeko (XIX. mendearen amaieran Afrikaren Banaketan barnealderantz hedatu zirenak), Ekialdeko Timorreko eta Indiako (Goa, Damão eta Diu) eta Txinako (Macao) enklabeetako kolonietara murriztu zen.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, garai hartan Portugalgo liderra zen Antonio Salazar, bere horretan mantentzen saiatu zen Europako beste herrialde batzuk euren lurraldeak deskolonizatzen hasiak ziren une batean. 1961ean, Goako tropa portugaldarrak ez ziren gai izan tropa indiarren aurrerapena geldiarazteko, askoz gehiago zirenak. 1960ko hamarkadan Portugalgo Gerra Koloniala hasi zen, 1974an Portugalgo erregimena erori zen arte iraun zuena. Gobernu berriak, Krabelinen Iraultzaren ondoren jarria, berehala egin zuen lege herrien autodeterminazioaren printzipioa, politika errotik aldatuz kolonia guztiei independentziarako aukera irekiz, "portugaldar inperioa" amaituz. Salbuespena Macao izan zen, 1999an Txinara itzuli zen lurraldea, Portugalgo Inperioaren amaiera sinbolikoki markatuz. Gaur egun, Azoreetako eta Madeirako artxipelagoak dira Portugali politikoki lotuta jarraitzen duten itsasoz haraindiko lurralde bakarrak. Portuges Hizkuntzako Herrialdeen Erkidegoa (CPLP) Inperioaren oinordeko kulturala da.

  1. (Portugesez) «Um imenso Portugal» revistapesquisa.fapesp.br (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  2. Page & Sonnenburg 2003, 481 orr. .
  3. Brockey 2008, XV orr. .
  4. Juang & Morrissette 2008, 894 orr. .

Developed by StudentB