Rembrandt Harmenszoon van Rijn[1] ([ˈrɛmbrɑnt ˈɦɑrmə(n)soːn vɑn ˈrɛin], Leiden, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1606ko uztailaren 15a - Amsterdam, Zazpi Herbehere Batuen Errepublika, 1669ko urriaren 4a) herbeheretar marrazkilari, margolari eta irarle barrokoa izan zen. Artearen historiak eman dituen artista aipagarrienetakoa da. Haren obren ezaugarri garrantzitsuenak koloreen aberastasuna eta argi-ilunen erabilera bikaina dira.
Bere garaiko artista nagusietako bat izan zen, genero asko landu eta guztietan berezitasunak erakutsi zituena; teknika bikaina zuen eta irudi figuratiboetarako hainbat isuritatik edan zuen: bere garaiko artista herbeheretarrak, flandriarrak, XVI. mendekoak, eta Italiako Pizkundeko margolariak. Gaztaroan indar dramatiko handiko obrak egin zituen, baina gerora lehentasuna emozioari eta misterioari eman zien. Errealitatea adierazteko gero eta jarrera barnekoiagoa hartu zuen, bere garaiko gustuak agintzen zuenetik aldendu bazen ere, errealitatearen eta gertaeren atzealdea, alderdirik sakonena aztertzeko ahalegina egin zuen.