Resurreccion Maria Azkue | |||
---|---|---|---|
1919 - 1951 ← baliorik ez - Ignazio Maria Etxaide → | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Resurreccion Jesus Maria de las Nieves Azkue Aberasturi | ||
Jaiotza | Lekeitio, 1864ko abuztuaren 5a | ||
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria | ||
Heriotza | Bilbo, 1951ko azaroaren 9a (87 urte) | ||
Familia | |||
Aita | Eusebio Maria Azkue | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Salamancako Unibertsitatea | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | hizkuntzalaria, idazlea, musikagilea, musikologoa, kazetaria, lexikografoa, hizlaria, katedraduna, folklorista eta apaiz katolikoa | ||
Lan nabarmenak | |||
Kidetza | Euskaltzaindia Real Academia Española | ||
Mugimendua | Euskal Pizkundea | ||
Genero artistikoa | zarzuela | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Resurreccion Maria Azkue Aberasturi (Lekeitio, Bizkaia, 1864ko abuztuaren 5a - Bilbo, Bizkaia, 1951ko azaroaren 9a)[1] euskal apaiza, hizkuntzalaria, hiztegigilea, etnografoa, musikoa, idazlea, kazetaria eta editorea izan zen. Euskaltzain oso hautatu zuten Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan, 1918ko irailaren 5ean. Euskaltzaindiaren lau sortzaileetako bat izan zen, eta euskaltzainburu 1919ko urriaren 7tik 1951ko azaroaren 9a arte.[2] Askoren iritziz gure hizkuntzak izan duen inoizko euskaltzale bikainenetako eta saiatuenetako bat.[3]
Hainbat arlo jorratu arren, lau dira beti aipatu ohi diren bere lan nagusiak, enblematikoak bilakatu ziren euskal kulturan: Euskara-Gaztelania-Frantsesa Hiztegia (1906), Euskal Kantutegi Herrikoia (1925), Euskal Morfologia (1925) eta Euskalerriaren Yakintza (1947).[2] Azkueren hiztegia, kantutegia eta folklore bilketa altxor ezin baliotsuagoak dira, bestela betiko galduta izango genituzkeen ezin konta ahal harribitxi jaso zituztenak.[4]
Euskaltzaindiako jardunaz gain, Teologian doktorea zen, Bilboko Institutuko katedrako euskara irakaslea, Parisko Hizkuntza Elkarteko kidea (1905), Errusiako Zientzien Akademiakoa (1922), eta 1927an Espainiako Errege Akademiako akademiko osoa izendatu zuten Julio Urkixorekin batera, euskararen ordezkari gisa.[5] Praktikan, horrek Espainiako Akademiaren beraren funtzionamenduan euskararen gaineko ardura berezirik ekarri ez bazuen ere, titulu hori oso baliagarria suertatu zitzaion Azkueri, batez ere gerra zibilaren ondoren 1939tik aurrera.[2]