Sagardoa edo sagarnoa (Ipar.) sagarrez egindako alkoholdun edaria da. Alkohol graduazio txikia du (3º eta 8º bitartekoa) eta sagar zukua hartzituz lortzen da. Mundu osoan ekoiztu eta kontsumitzen den edaria da, baina Europan daude gehien ekoiztu eta kontsumitzen duten herrialdeak; Europatik kanpo, Argentina eta Hegoafrika dira sagardo ekoizle handiak[1]. Euskal Herrian edari klasiko eta herrikoia da, eta sagardotegien tradizio zabala dago.
Pentsatzen da sagardoa, historian, sagar edo Malus domestica espeziearen hazkuntza bezain zaharra dela. K. a. I. mendeko Estrabon geografoak euskaldunek egiten zuten Phitarra izeneko sagar-edaria aipatzen zuen[2][3]. Sagardoa erromatarrek zabaldu zuten Europan zehar. Erdi Aroan sagardoa lansari moduan erabiltzen zen. Industria Iraultzarekin batera, ordea, tokian tokiko ekonomiari loturik zegoen sagardoaren gainbehera gertatu zen. XX. mendearen bukaeran, ordea, sagardoak berpizte nabarmena izan du Euskal Herrian eta Europan, edari herrikoi moduan bereziki.
Sagardo euskarazko terminoak sagardo naturalari egiten dio erreferentzia. Jatorriko sagardo horretaz gainera, merkatuan badaude sagardo gasifikatuak, sagardo naturalari gas karbonikoa gaineratuz botila barneko hartziduraz nahiz modu artifizialean ekoizten direnak. Sagardoa izendatzeko beste hizkuntzetako hitzek adiera bereziak izaten dituzte; adibidez, ingelesezko cider terminoak Estatu Batuetan alkoholik gabeko sagar-zukuari egiten dio erreferentzia.
Astigarraga udalerria, duen sagardotegi kontzentrazio handiaren ondorioz, Sagardoaren Hiriburua ezizenez ezaguna da. 2011ko erroldako datuen arabera, 4.818 biztanle eta 11,91 km²-ko azalera zituen, eta udalerrian 21 sagardotegi zeuden erregistratuta. Ondorioz, udalerrian sagardotegi bat zegoen 230 biztanleko, eta sagardotegi bat 0,5671 km²-ko.[4][5] Datu hauek Astigarraga iberiar penintsula osoan biztanle eta km²-ei dagokionez sagardotegi kontzentrazio edo dentsitate handiena duen udalerria bilakatu dute (adibidez, Asturiasko udalerrien gainetik); gainera, Europa osoan sagardotegi kontzentrazio edo dentsitate handienetakoak dituzten udalerrietako bat da.