Samuel Morse (Boston, Massachusetts, Estatu Batuak, 1791ko apirilaren 27a – New York, 1872ko apirilaren 2a), Estatu Batuetako asmalaria izan zen. Pintura lanak egin zituen hasieran (National Academy of Design izenekoa sortu zuen). Ampèrek egindako aurkikuntzak ikusita, telegrafo elektrikoa egitea bururatu zitzaion. Ideia hori bete egin zuen 1834an, baina garaiko agintariek ez zioten merezi zuen garrantzirik eman. Bere izena daraman puntu eta lerroetan oinarritutako telegrafia sistema ere asmatu zuen.