Satelite artifiziala gizakiak egindako objektu bat da, jaurtigailu baten bidez espaziora bidalia izan dena eta grabitazio-indarrari esker Lurraren —edo beste planeta edota satelite natural baten— inguruan orbitatzen dabilena. Bestela esanda, satelite artifiziala da gizakiak nahita eta helburu jakin batez espazioan astro baten inguruko orbitan jarritako objektua. Satelite artifizial esaten zaio, satelite naturaletatik (Ilargia, adibidez) bereizteko.
Jaurtigailuak sateliteari emandako abiadurari esker, etengabe iraun dezake atmosferaz haragoko espazio hutsean orbitatzen. Satelitearen bizitza erabilgarria amaitu ostean, batzuk orbitan geratzen dira hondakin espazial gisa, eta beste batzuk atmosferan berriro sartu eta desegin egiten dira; orbita altuera baxukoa denean soilik gerta daiteke bigarren aukera hori.
Lehenengo satelite artifiziala Sputnik 1 izenekoa izan zen,1957an Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunak (SESB) bidalia. Ordutik gaur egun arte (2021), 11.500 bat satelite artifizial jarri dira orbitan.
Satelite artifizialek zeregin garrantzitsua dute arlo ekonomikoan (telekomunikazioak, kokapena, aurreikuspen meteorologiko), militarrean (gps eta geolokalizazioa) eta zientifikoan (behaketa astronomikoa, mikrograbitatea, Lurraren behaketa, ozeanografia, altimetria). Bereziki, ezinbesteko tresna bihurtu dira unibertso fisikoa ulertzeko, klima-aldaketaren modelizaziorako eta informazioaren gizartearen funtzionamendurako.