Satyajit Ray (bengaleraz: সত্যজিত রায়; Kalkuta, 1921eko maiatzaren 2a – Kalkuta, 1992ko apirilaren 23a) Indiako Film-zuzendari, gidoilari, dokumentalgile, saiakeragile, letragile, aldizkari-editore, Irudigile, kaligrafo, Musikagile eta idazle izan zen. Indiako zinemak eman duen zinemagilerik bikainenetakoa, mendebaldean gehien ezagutzen dena[1][2][3][4][5]. The Apu Trilogy (1955–1959)[6], Jalsaghar (Musika-gela) (1958), Mahanagar (Hiri handia) (1963) eta Charulata (1964) eta Goopy-Bagha trilogia lanengatik da ospetsua.
Ray Kalkutan jaio zen; aita Sukumar Ray egilea zuen. Artista komertzial gisa hasita, zinemagintza independentean sartu zen Jean Renoir zinemagile frantziarra ezagutu eta Vittorio De Sicaren Ladri di biciclette (Txirrinda-lapurra) (1948) film neorrealista italiarra ikusi ondoren Londresera egindako bisitan.
Rayk 36 film zuzendu zituen, film luzeak, dokumentalak eta laburrak barne. Rayren lehen filmak, Pather Panchali (1955) nazioarteko hamaika sari irabazi zituen, besteak beste, 1956ko Cannesko zinema-jaialdiko Giza Dokumentu Onenaren hasierako saria. Film horrek, Aparajito (1956) eta Apur Sansar-ekin batera (Apuren mundua) (1959), Apuren Trilogia osatzen dute. Rayk berak egin zituen gidoia, castinga, musika eta edizioa, eta kreditu-tituluak eta publizitate-materiala ere diseinatu zituen. Hainbat ipuin eta nobela ere idatzi zituen, batez ere haur eta nerabeentzako. Rayk sortutako pertsonaia ezagunen artean honako hauek daude: Feluda ikertzailea, Shonku irakasle zientzialaria, Tarini Khuro ipuin kontalaria eta Lalmohan Ganguly eleberrigilea.
Rayk sari garrantzitsu asko jaso zituen bere ibilbidean, besteak beste, hogeita hamasei Indiako Zinema Sari Nazional, errekorra, Urrezko Lehoi bat, Urrezko Hartz bat, Zilarrezko bi Hartz, nazioarteko zinemaldi eta zeremonietan sari gehigarri asko eta Akademiaren Ohorezko Saria 1992an. 1978an, ohorezko titulu bat eman zion Oxfordeko Unibertsitateak. 1992an, Indiako Gobernuak Bharat Ratna saria (bere sari zibil gorena) eman zion. Rayren jaiotzaren mendeurrena zela eta, Indiako Nazioarteko Zinema Jaialdiak autorearen ondarea aitortzeko bere urteroko «Lifetime Achievement Award» saria «Satyajit Ray Lifetime Achievement Award» izenez bataiatu zuen 2021ean.