Simone Veil, jaiotzez Simone Annie Jacob (Niza, Frantzia, 1927ko uztailaren 13a - Paris, Frantzia, 2017ko ekainaren 30a)[1] Holokaustotik bizirik irten zen frantziar abokatu eta politikaria izan zen.
Shoahtik, Holokaustotik ihes egitea lortu zuen eta botere judizialean egin zuen ibilbidea goi-funtzionario gisa 1974an osasun ministro izendatu zuten arte. Zeregin horretan ari zela, 1975eko urtarrilaren 17an "Veil Legea" delakoa aldarrikatu zuen, eta horri esker, haurdunaldiaren etenaldi boluntarioa despenalizatu zen Frantzian.
1979tik 1982ra, Europako Parlamentuko lehen emakume lehendakaria izan zen. Horrez gain, hainbat kargu izan zituen: Estatu ministro Gizarte gaietarako, Osasun eta Hiriko ministroa, eta Édouard Balladur-en gobernuan "bigarrena", eta azkenik, Kontseilu konstituzionalean eserlekua izan zuen 1998 eta 2007 bitartean, Frantziako Konstituzio Kontseiluko kide izan zen, Frantziako legezko agintaririk garrantzitsuenean.
Europako integrazio-prozesuaren jarraitzaile sendoa izan zen, eta bakea bermatzeko modu bat zela uste zuen. Fondation pour la mémoire de la Shoah fundazioaren lehendakaria izan zen 2000tik 2007ra, ohorezko presidente bihurtu zenean. Bere ohoreen artean, 1998an Britainiar Inperioko Ordenarekin kondekoratu zuten, 2008ko azaroaren 20an Frantses Akademiako kide izan zen. Han 13. aulkia bete zuen eta Ohorezko Legioko gurutze handia jaso zuen 2012an.
Frantziako emakume gurienetako bat izanik, Simone Veil eta haren senarra Parisko Panteoian lurperatu zituzten 2018ko uztailaren 1ean. Bere panegirikoa Emmanuel Macron presidenteak irakurri zuen.