Hizkuntzalaritzan sinkronia eta diakronia ikuspegiak erabili izan dira hizkuntzei buruzko analisiak eta ikerketak egiteko Saussureren garaietatik. Analisi sinkroniko batek hizkuntza bat une jakin batean aztertzen du; analisi diakroniko batek, ordea, hizkuntzaren bilakaera historikoa aztertzen du. Edo hizkuntzaren atal baten bilakaera historikoa.
Une jakin bateko hizkuntzaren deskripzioak edo analisiak sinkroniaren ikuspegitik egiten dira, esate baterako: Euskaltzaindiaren Euskara Baturaren Eskuliburua[1]. Gramatika horrek, bere garaiko hizkuntzari buruzko argibideak ematen dituen heinean, batez ere ikuspegi sinkronikoa erakusten du.
Analisi diakronikoak, ordea, hizkuntzaren bilakaera historikoren analisiak egiten ditu. Analisi diakroniko ezagun bat, esate baterako, Mitxelenaren Fonética histórica vasca doktore tesia da.
Analisi diakroniko batzuek historiatik harago joaten dira, hau da lehen dokumentuak baino lehenagora, eta hizkuntzaren atalen bat berreraikitzeraino iristen dira, hizkuntzaren historiaurreko garaietako atalen bat berreraikitzeraino. Berreraikitako hizkuntzei proto-hizkuntza edo aitzin-hizkuntza esaten zaie. Horrela, esate baterako, berreraiki egin dira proto-euskara, aitzineuskararen, atal batzuk.