Kristalografian, sistema kristalinoa da kristalak beren ezaugarri espazialen arabera sailkatu ondoren sortutako multzoetako bakoitza.
Kristala deitzen zaio atomoak era ordenatuan dituen solidoari. Hau da, atomoek segida bat eratzen dute eta beti orden berdina jarraituko dute 3 dimentsiotan. Kristal guztiek ez dute egitura edo orden berdina. Oso ezaguna den kristal bat sukaldeko gatza da, sodio (Na) eta kloro (Cl) atomoz eraturik dagoena. Sodio eta kloro atomo kopuru berdina dute kristal hauek. Egitura honen berezitasuna da kloro atomo bakoitzak 6 sodio atomo dituela inguruan denak distantzia berdinera, eta aldi berean sodio atomo bakoitzak 6 kloro atomo dituela bere inguruan eta hauek denak ere distantzia berdinera. Kristal guztiek ez dute zertan atomo mota bakoitzetik kopuru berdina izan behar eta hauen antolaketak ere ez dira beti berdinak. Horrek ezberdintzen du sistema kristalino bat bestetik.
Solido kristalinoa unitate-gelaxka deritzon egitura elementaletik eratorritako solidoa da. Solido hauek sistema kristalino ezberdinetatik eratortzen dira eta kristalografia da sistema hauek aztertzen dituen zientziaren arloa.