Somalia[1] (somalieraz: Soomaaliya; arabieraz: الصومال aṣ-Ṣūmāl), ofizialki Somaliako Errepublika Federala (somalieraz: Jamhuuriyadda Federaalka Soomaaliya, arabieraz: جمهورية الصومال الفدرالية Jumhūrīyat aṣ-Ṣūmāl al-Fidirālīyah) ipar-ekialdeko Afrikako estatua da, Afrikako Adarrean kokatua. Hego-mendebaldean Kenya du, Etiopia mendebaldean, Djibuti ipar-mendebaldean, Adengo golkoa iparraldean, eta Indiako Ozeanoa ekialdean. 637.657 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 10.816.143 biztanle zituen 2014an[2] Hiriburua Muqdisho da.
Huts egindako estatuen eredutzat hartzen da Somalia, 1990eko hamarkadaren hasieratik ez baitu herrialdeak gutxieneko egonkortasunik aurkitu, alde batetik militar iparramerikarrak eta inguruko herrialdeetakoak –Kenya, Etiopia...– lehenik trantsizioko gobernua eta orain gobernu federala sostengatu nahian, bestetik lekuko leinuetako armada txikiak eta Al-Qaedari edo Estatu Islamiarrari lotutako gerrillariak[3]. Estatu batasuna ere galdu du, zenbait lurraldek independentzia aldarrikatu baitute, atzerriko inongo gobernuk onartu ez dituen arren[4].