Soul

Soul
Sorrera1950eko hamarkadaren amaiera
SorlekuaAEB
HedapenaMundu osoan.
InstrumentuakBaxu elektrikoa, Hammond organoa, bateria, gitarra elektrikoa eta ahotsa.
Azpigeneroak
Blue-eyed soul, brown-eyed soul, Motown Sound, neo soul, smooth soul, quiet storm

Soul musika (askotan soul bakarrik deitzen zaio) musika genero herrikoia da. Amerikako Estatu Batuetako komunitate afro-amerikarrak sortu zuen 1950eko hamarkadan eta 1960ko hamarkada hasieran. Gospel afro-amerikarraren, rhythm and bluesaren eta jazzaren elementuak batzen ditu. Soul musika asko zabaldu zen AEBn, Motown, Atlantic eta Stax diskoetxeek eragina izan baitzuten afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendu garaian. Horrez gain, soul musika mundu osora zabaldu zen, eta rock musikan nahiz Afrikako musikan izan zuen eragina.[1]

Rock and Roll Hall of Fameren arabera, soul musika «beltzek Amerikan bizitako esperientziatik sortutako musika da, gospela eta rhythm and blues batzen ditu, eta horrek kutsu funky eta laikoa ematen dio».[2] Soul musikaren ezaugarri garrantzitsuenetarikoa erritmo itsaskorra da, txaloek eta tempoz kanpoko gorputz-mugimenduek markatutako erritmoa hain zuzen. Beste ezaugarri bat bokalista nagusiaren eta koruaren arteko elkarrizketa da, eta, bereziki, tenkatua den ahots soinua.[3] Inprobisatutako gehigarriak, bat-bateko aldaketak eta soinu osagarriak ere erabiltzen dira noizean behin. Soul musikak nortasun afroamerikarra islatzen du, baita kultura afroamerikarraren garrantzia nabarmendu ere. Kontzientzia afroamerikar berriak musika estilo berriak ekarri zituen, eta komunitate afroamerikarra beltza izateaz harro sentitzea eragin zuen.[4]

60ko hamarkadan soul musika nagusitu zen AEBko rhythm and bluesaren arrakasten zerrendan (R&B Chart), eta abesti asko pop estiloko arrakasten zerrendetara pasatu ziren AEBn bertan, Britainia Handian eta beste hainbat herrialdetan. 1968an, soul musikaren generoa hedatzen hasia zen. Soul artista batzuek funk musika garatu zuten; beste abeslari eta talde batzuek, berriz, aldaera burutsuagoak, sofistikatuagoak eta, kasu batzuetan, politikoki kontzienteagoak garatu zituzten.[5] 70eko hamarkadaren hasieran, rock psikodelikoak eta beste genero batzuek eragina izan zuten soul musikan, eta ondorioz soul psikodelikoa agertu zen. Bestalde, 1994 inguruan, AEBn neo soula hasi zen garatzen. Horrez gain, badaude soul musikaren beste azpigenero eta adar batzuk ere.

Soularen azpigenero garrantzitsuenak honako hauek dira: Detroit estiloa (Motown), pop estilokoa eta erritmikoagoa; deep soula eta hegoaldeko soula, rhythm and bluesa eta hegoaldeko gospel musika konbinatzen dituzten soul estilo indartsuak; Memphiseko soula, estilo dirdiratsu eta sentsuala; New Orleanseko soula, rhythm and blues estilotik sortu zena; Chicagoko soula, gospelaren eragina duen soinu arinagoa; Filadelfiako soula, doo-wop estiloan oinarritutako orkestra-soinua; eta, amaitzeko, soul psikodelikoa, rock psikodelikoaren eta soul musikaren arteko nahasketa.

  1. (Ingelesez) Mojapelo, Max. (2008). Beyond Memory: Recording the History, Moments and Memories of South African Music. African Minds ISBN 978-1-920299-28-6. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  2. «Welcome to the Rock & Roll Hall of Fame | Rock & Roll Hall of Fame» www.rockhall.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  3. Ojakäär, Valter. (1983). Popmuusikast. Eesti Raamat.
  4. Szatmary, David P.. (2014). Rockin' in Time. New Jersey: Pearson, 176 or..
  5. BBC Music, Episode Guides to Soul Deep. (2013). The Story Of Black Popular Music 2007. .

Developed by StudentB