Sozialismo

Sozialismo
Sozialismo motak

Sozialismoa ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboa eta baliabideen eta aberastasunaren banaketa aldezten dituen doktrina politiko eta ekonomikoa da[1], elkartasun eta berdintasunezko gizarte baten alde. Oro har, kapitalismoaren aurkako sistema moduan eratu da, pertsonen bizimodua hobetzeko sistema kapitalista erreformatu (merkatuko sozialismoaren eta sozialdemokraziaren aldetik) edo gainditu edo suntsitu behar dela (sozialismo iraultzailearen aldetik) baieztatuz.[2] Printzipio orokor horietan oinarrituta, sozialismoan ideia eta proposamen politiko eta ekonomikoen multzo zabal eta heterogeneoa biltzen da, sozialismo iraultzailetik sozialdemokraziara, sindikalismoarekin, sozialismo libertarioarekin, beste joera batzuekin batera, ezker politikoaren baitan kokatuak.[3] Komunismoa ere sozialismotik eratorritako teoria eta praktika politiko eta ekonomikoa da. Sozialismoa XIX. mendean sortu zen, Industria Iraultzako langileen bizimodu latzaren haritik, eta bereziki Karl Marxek osaturiko doktrinaren inguruan, marxismotik alegia, gorpuztu zen. Doktrina horretan, adiera hertsiago batean, sozialismoa aro historiko gisa kapitalismoa guztiz deuseztatu baino lehen, gizarte komunistarako aurreko trantsiziozko aldia litzateke. Bertsio erradikal edo gogor horretan, sozialistek ekoizpen bitartekoen erabateko jabetza edo kontrol kolektiboa aldarrikatzen dute, estatuaren edo beste erakunde baten eskutik, liberalismoak defendatzen duen jabego eta ekimen pribatuaren aurka. Ildo horretatik, bloke komunista izeneko erregimen politikoak sortu ziren munduko hainbat herrialdetan XX. mendean zehar. Erregimen politiko horietatik kanpo, herrialde kapitalista demokratikoetan hain zuzen ere, joera sozialista deszentralizatuago eta malguagoak garatu ziren, kapitalismoa erreformatuz programa politiko eta ekonomiko sozialista sendoa eratu daitekeela baieztatzen dutenak, ongizate-estatu bat gauzatuz kasu, bereziki sozialdemokrazia joeraren inguruan.[4]

  1. (Ingelesez) «Socialism» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2015-02-03).
  2. (Ingelesez) Magstadt, Thomas. (2014). Understanding Politics: Ideas, Institutions, and Issues. , 29 or..
  3. (Ingelesez) Heywood, Andrew. (2011). Essentials of UK Politics. , 111 or..
  4. (Ingelesez) «Political philosophy» Internet Encyclopedia of Philosophy (Noiz kontsultatua: 2015-01-29).

Developed by StudentB