Sumer[1] (edo Shumer, Sumeria, Šumer) antzinako Mesopotamiako eskualdea zen, Eufrates eta Tigris ibaien arteko lurralde oparoan. Ez zen inoiz estatu bat izan, lurralde bat baizik, eta bertako hiri-estatuak batasun politiko-administratibo burujabeak ziren.
Sumertarrak[2] munduko lehen zibilizaziotzat hartuak dira, bertan hasi baitzen idazkera eta harexekin bat agertu ohi diren estatu mailako administrazioa eta antolaketa modua. Haien jatorria ezezaguna da eta hipotesi ugari daude: zabalduenen arabera, bertako gizataldeen eta Iran zein Indiakoen arteko nahasketaren ondorio dira sumertarrak.
Sumertarrek euren lurraldeari Kengi (ki) zeritzoten. Termino horren akadierazko forma mat Sumeri da, hots, Sumerren lurraldea.