Sunismo

Musulmanak biztanleen % 5etik gora diren estatuak, bakoitzean nagusi den islamaren adarra zehaztuta:
     sunismoa      xiismoa      ibadismoa

Sunismoa edo suni islama islamaren adar nagusia da, haren jarraitzaileek —suniak edo sunitak— musulmanen % 80 osatzen baitute. Gainerako musulmanen artean, bigarren adar zabalduena xiismoa da.[1] Itzulpenetan, doktrina eta praktika hauei, sunismo deritze; jarraitzaileei, berriz, suni musulman, suni, sunita edo Ahlus Sunnah deitzen zaie. Kasu batzuetan, «islam ortodoxo» ere deitzen zaie,[2][3][4] nahiz eta adituek itzulpen okerra dela dioten.[5]

Profetarengan jartzen duen enfasiagatik bereizten da, sahabak (bereziki rasidar kalifak), eta handik eratorritako ohiturak azpimarratzen ditu. Izena, Koranez gain, sunnaren (Mahoma profetari egotzitako gertakarien bilduma) jarraitzaileak direlako datorkie. Nahiz eta islam sunia eskola teologiko eta legal anitzez osatuta dagoen, inguru historiko, leku eta kultura bidez garatu zirenak, mundu osoko sunitek zenbait sinesmen komun partekatzen dituzte: Mahoma profetaren lehen lau ondorengoen (Abu Bakr, Omar ibn al-Khattab, Uthman ibn Affan eta Ali ibn Abi Talib) zilegitasuna onartzea, eta beste talde islamiar batzuek (gehiengoaren ustetik abiatuta) berrikuntzak (bidah) sartu dituztelako ustea. Musulman suniten eta xiien arteko ezberdintasunak sortu ziren Mahomaren oinordeko nor izan behar zuen bat ez zetozelako, eta, aurrerantzean, esanahi politiko handiagoa hartu zuten, baita dimentsio teologiko eta juridikoak ere.

Tradizio suniten arabera, Mahomak ez zuen oinordeko garbirik izendatu, eta komunitate musulmanak bere sunnaren arabera jokatu zuen, Abu Bakr, haren aitaginarreba, lehen kalifatzat aukeratuz. Xiismoaren arabera, ordea, Mahomak bere suhia eta lehengusu, Ali ibn Abi Talib, izendatu zuen oinordeko, batez ere Ghadir Khumm-eko sermoian. Suniten eta xiien arteko tentsio politikoek intentsitate ezberdinarekin jarraitu dute islamiar historian zehar, eta, azkenaldian, areagotu egin dira gatazka etnikoen eta wahhabismoaren sorreraren ondorioz.

Suni islama islam goiztiarrean lidergoari buruz izandako borroketatik abiatuta garatu zen. Jarrera politiko eta erlijiosoak sortu ziren «egiazko» sinesmenaren, askatasunaren eta determinismoaren definizioari buruzko eztabaidetatik. Sunitek, kredo kontuetan, gehiegizko arrazionalismoa edo intelektualismoa baztertzeko joera dute, eta lehen mailako iturrien izpirituan eta asmoan zentratzen dira ortodoxia defendatzeko eta heresia gezurtatzeko, argumentu arrazionalak erabiliz beharrezkoa denean[6][7].

Arabieraz, islam suniaren jarraitzaileei «ahl as-sunnah wa l-jamāah» (Sunna herria eta komunitatea) edo «ahl as-Sunnah» soilik deitzen zaie. Islam suniari, batzuetan, «islam ortodoxoa» deitzen zaion arren, zenbait akademikok itzulpen hori desegokitzat jotzen dute.

Korana, «hadith»ekin (batez ere Kutub al-Sittah-n bildutakoekin) eta behartutako adostasun juridikoarekin batera, islam suniaren barruko jurisprudentzia tradizional guztiaren oinarria osatzen dute. Xariaren dekretuak oinarrizko iturri horietatik eratortzen dira, arrazoinamendu analogikoaz gain, ongizate publikoaren gogoetaz eta diskrezio juridikoez, lege eskola tradizionalek garatutako jurisprudentzia printzipioak erabiliz. Sinesbide gaietan, tradizio suniak imamaren sei zutabeak defendatzen ditu, eta teologia arrazionalistako «Ax'ari» eta «Maturidi» eskolak barne biltzen ditu, baita teologia tradizionalista izenez ezagutzen den eskola testualista ere. Suni islama ez da tradizioaren ildo koherente bat, baizik eta doktrinen eta posizioen sendotze bat, eztabaida eta idazkien bidez iritsi dena denboraren poderioz.

Sunismoa lau islamiar eskola juridikotan banatuta dago. Suniten dotrina Mahomak irakatsitakoan oinarritzen da, eta suni izena dute sunna testua aintzakotzat hartzen dutelako, xiiek ez bezala.

  1. «Sunni Islam - Oxford Islamic Studies Online» www.oxfordislamicstudies.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  2. Braswell, George W., Jr.. (2000). What you need to know about Islam & Muslims. ISBN 0-8054-1829-6. PMC 42428848. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  3. Nasir, Jamal J.. (2009). The status of women under Islamic law and modern Islamic legislation. (3rd ed. rev. and updated work. argitaraldia) Brill ISBN 978-90-474-2620-2. PMC 568651694. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  4. (Ingelesez) Thackrah, John Richard. (2013-09-05). Dictionary of Terrorism. Routledge ISBN 978-1-135-16595-6. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  5. Burton, John. (1994). An introduction to the Ḥadīth. Edinburgh University Press ISBN 0-7486-0435-9. PMC 32115306. (Noiz kontsultatua: 2022-04-25).
  6. «Sunni Islam». Oxford Islamic Studies (ingelesez). The Oxford Dictionary of Islam. Consultado el 2 de abril de 2020.
  7. Esposito, John (2011). What everyone needs to know about Islam (2. edizioa). Oxford University Press, USA. p. 49. ISBN 9780199794133. Consultado el 2 de abril de 2020

Developed by StudentB