Tabakoa legezko droga bat da,[1][2][3][4][5] Nicotiana generoko zenbait espezierekin ekoitzia, berez nikotina duena, nahiz eta saltzen den tabakoari nikotina zati handi bat artifizialki gehitzen zaion.[6] Entsegu mediko ugaritan frogatu izan da mendekotasun handia sortzen duela.[7] Tabakoa modu askotan kontsumi daiteke: zigarreta, pipa, zigarroa, xurgatuta, mastekatuta eta abar, baina gehiena zigarretatan erreta kontsumitzen da. Munduan 1.100 milioi tabako kontsumitzaile daude, eta, Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun munduan heriotza saihesgarri gehien sortzen du: urtean 8 milioi pertsona hiltzen dira tabakoagatik ―barnean direlarik erretzaile izan gabe tabakoaren keagatik gertatzen diren 1,3 milioi heriotzak―, munduan urtean izaten diren heriotzen % 10 inguru.[8]
Europar Batasunean, populazioaren % 26 tabako erretzailea da (2023), eta % 29 dira 15-24 urtekoen artean. Urtero, 700.000 pertsona hiltzen dira tabakoagatik.[9]
Landarea Nicotiana generoaren parte da, Solanaceae familian. Egun, 70 espezie erabiltzen dira tabakoa egiteko, baina nagusia Nicotiana tabacum da. hala ere, herrialde askotan indar handiagoko Nicotiana rustica landarea ere erabiltzen da.
Tabakoak nikotina alkaloidea du —droga kitzikagarria da— eta tetrahidrodarmina.[10] Tabakoaren hosto lehorrak batez ere erabiltzen dira zigarreta, puru, erretzeko pipan edo xixa zaporedun tabako eran. Tabako-hauts, mastekatzeko tabako edo snus moduan ere eskaintzen da.
Arrisku faktorea da gaixotasun askotan, batez ere bihotzari, gibelari eta birikei eragiten dietenetan, eta minbiziaren sortzaile da. 2008an Munduko Osasun Erakundeak tabakoa izendatu zuen mundu osoan saihets daitezkeen heriotza-arrazoi nagusietako dat.[11]
Tabakoaren keak ―ez bakarrik erretzaileek baizik erretzaileengandik hurbil daudenek ere xurgatzen dute― osasunerako kaltegarriak diren bost osagai nagusi ditu: mundrunak, karbono monoxidoa, elementu erradioaktiboak, substantzia narritagarriak eta nikotina. Frogatuta dago tabako kontsumoak zenbait minbizi mota eragiten dituela, hala nola ahokoa, laringekoa, biriketakoa eta iraitz aparatukoa; ama erretzaileen umekien heriotza edo malformazio larriak eragiten dituela; eta gaixotasun kardiobaskularrak areagotu eta ugaltzen dituela.[12]