Thiobacillus

Thiobacillus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaHydrogenophilia
OrdenaHydrogenophilales
FamiliaHydrogenophilaceae
Generoa Thiobacillus
Datu orokorrak
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Thiobacillus generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, Proteobacteria filumean sailkatzen direnak. Aerobio hertsiak dira eta morfologiari dagokionez genero honetako bakterioek antza handia dute Pseudomonas generoko bakterioekin: baziloak dira, muturreko flageloen bidez mugitzen direnak eta Gram negatiboak.

Bakterio hauek ez dute garrantzi klinikoa, patogenoak ez direlako. Aitzitik, beren garrantzi ekologikoa nabarmena da, sufrearen zikloan funtsezko zeregina burutzen dutelako.

Sufrearen bakterio koloregabekoen talde fisiologikoan sailkatzen dira Thiobacillus guztiak: multzo honetako bakterioek sufrearen konposatu erreduzituak (H2S, tiosulfato eta sufrea -S-) oxidatzen dituzte, sulfatoak (SO4-2) sortuz. Oxidazio horretatik lortzen dute bakterio kimiolitotrofo hauek euren prozesu metabolikoetan behar duten energia kimikoa.

  • 2S0+3O2+2H2O → 2H2SO4

Sufrearen zikloan, honenbestez, garrantzi handiko papera jokatzen dute, materia organikoaren deskonposizioan agertzen den H2S-a landareek asimila dezaketen SO4-2 bihurtzen baitute.

Autotrofo hertsiak dira, materia organikoak beren hazkuntza eragozten duelako. Calvin zikloaren bidez CO2-a asimilatzen dute.

Tiobazilo gehienak uretan bizi dira, baina badaude lurtarrak direnak ere (lurzoruetan daude). Genero honetako espezie batzuk (Thiobacillus ferrooxidans eta Thiobacillus thiooxidans) azidofiloak dira, pH azidoetan bizi direlako.


Developed by StudentB