Paul Thomas Mann (Lübeck, Schleswig-Holstein, 1875eko ekainaren 6a - Zurich, 1955eko abuztuaren 12a) idazle alemaniarra izan zen. Buddenbrooks (1901), Der Tod in Venedig edo "Herioa Venezian" (1912) eta "Mendi magikoa" (1924) liburu ezagunen egilea da. 1929an Literaturako Nobel saria eman zioten[1].
Politikoki, nabarmenena izan zen erregimen naziaren aurkako bere jarrera. Hainbat urtez Münchenen bizi ondoren, arteriosklerosiak jota hil zen Suitzan. Bere garaiko lekuko argia izan zen Thomas Mann, Alemaniako eleberrigile moderno handiena kritikari askoren ustez. Estilo patxadatsu eta aldi berean ironiko batez azaldu zuen Europako kultura tradizioaren gainbehera, tradizio horren funtsezko balioak ukatu ez bazituen ere.