Topiaria edo arte topiarioa (latinez Ars topiaria) landareei, inausketaren eta beste tekniken bidez, forma artifizialak eta artistikoak emateko artea da[1]. Landare bizietan egindako eskulturaren antzekoa da arte hau. Inausketa laguntzeko, batzuetan lorezainak elementu metalikoak erabiltzen ditu landareen hazkuntza gidatzeko, eta inauskaiei laguntzeko sokaz, plomuz eta txantiloiz baliatu daiteke.
Landareei askotariko itxura eman dakieke: forma geometrikoak (piramidea, konoa, zilindroa, paralelepipedoa, etab.), arkitektonikoak (arkuak, zutabeak, hormak, etab.) edo fantasiazkoak (animaliak, pertsonaia errealak edo alegiazkoak, etab.). Heskaia topiaria forma sinple bat da, batez ere mugak, hormak edo pantailak sortzeko erabilia.
Hitza latinetik dator, apaindurako lorezain paisajistatik (topiarius), hau da, "toki" edo topia sortzailea (grezierazko τόπος, topos, "tokia"), fikziozko barne-paisaiak freskoan egiten zituztenentzat ere erabilia.