Triasiko | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Triasiko | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
| ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Kronologia | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Hasiera | duela 252.000.000 urte | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Amaiera | duela 201.300.000 urte | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Honen parte da | Mesozoiko eta ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Osatuta | Triasiko Berantiar Triasiko Ertaina Behe Triasiko | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
Etimologia | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Honen izena darama | hiru | |||||||||||||||||||||||||||||||||||
|
Triasikoa, Trias ere deitua, 50,5 milioi urte hartzen dituen periodo geologiko eta sistema bat da. Duela 251,902 milioi urte (Ma) Periodo Permiarra amaitu zenetik duela 201,4 Ma Periodo Jurasikoa hasi zen arte iraun zuen.[1] Triasikoa Aro Mesozoikoaren lehen periodoa eta laburrena da. Bai periodoaren hasiera, bai amaiera, iraungipen masiboek markatzen dituzte.[2] Periodo Triasikoa hiru epokatan banatzen da: Triasiko Goiztiarra, Erdi Triasikoa eta Triasiko Berantiarra.
Triasikoa Permo-Triasiar iraungipen masiboaren ondorioz hasi zen; beraz, Erdi Triasikoko erdialdea arte ez zen berreskuratu aurretiko biodibertsitatea. Triasikoaren erregistro fosilean hiru organismo-kategoria bereiz daitezke: iraungipenetik bizirik atera zirenak, laburki loratu ziren talde berriak eta Aro Mesozoikoan nagusi izan ziren beste talde batzuk.
Narrastiak, batez ere arkosauruak, izan ziren periodo hartan ornodun lehortar nagusiak. Arkosauruen artean, Pseudosuchia kladoa nagusitu zen. Bestalde, arkosauru batzuk lehenengo ornodun hegalariak bihurtu ziren: pterosaurioak. Dinosauroak Triasiko Berantiarrean agertu ziren, baina ez ziren nagusitu Periodo Jurasikora arte.[3]
Terapsidoek, Periodo Permiarreko ornodun nagusiek, biodibertsitate-gehiagotze labur bat eduki zuten, batez ere Dicynodontia eta Cynodontia taxonak; hala ere, bere biodibertsitatea periodoan zehar murriztu zen, bukaeran gehienak iraungi arte, ugaztunak izan ezik. Lehen ugaztun basalek zinodontoen azpitalde espezializatu gisa eboluzionatu zuten, Triasiko-Jurasikoko iraungipenetik bizirik atera ziren eta, bizirauteari esker, Jurasikoan zehar dibertsifikatu ahal izan ziren.
Temnospondiloak anfibio nagusiak ziren Triasikoan. Hauek periodoan zehar eboluzio-erradiazioa izan zuten, Triasikoaren amaieran iraungi baino lehen. Hala ere, lisanfibio primitiboak ere ugaritu ziren Triasikoan zehar, eta Triasiko-Jurasikoko iraungipenetik bizirik atera ziren. Bestalde, lehen arrain neopterigio ezagunenak Triasikoaren hasieraren ondorentxe agertu ziren. Azkar dibertsifikatu ziren, eta ur gezatan zein gazitan arrain talde nagusien artean kokatu arte azkar eboluzionatu zuten.
Pangea superkontinenteak mundu osoa okupatzen zuen Triasikoan, baina Triasiko Berantiarrean eta Jurasiko Goiztiarrean zehar pixkanaka bi lur-masa bereizitan zabaltzen hasi zen: Laurasia eta Gondwana. Triasikoan munduko klima beroa eta lehorra zen batez ere,[4] baina klima hezetzen hasi zen Pangea desegiten hasi zenean. Periodoaren amaiera Triasiko-Jurasikoko iraungipenak markatu zuen. Horrek organismo talde asko eliminatu zituen, pseudosukio gehienak barne. Beraz, dinosauroak Jurasikoan domeinua hartu ahal izan zuten.