Tubal (georgieraz: ტუბალი; hebreeraz: תובל edo תבל tuˈbal), Hasiera liburuaren arabera, Jafeten semea eta Noeren biloba izan zen.
« | Hauek dira Sem, Kam eta Jafeten, Noeren semeen, ondorengoak, uholde ostean izan zituztenak.
Jafeten semeak Gomer, Magog, Madai, Jaban, Tubal, Mexek eta Tiras izan ziren. |
» |
—Hasiera 10, 1-2 |
Flavio Josefo judu historialariari jarraitzen zioten aditu askok Iber- Iberiako kaukasiarren aitatzat jotzen zuten.[1] Izan ere, Josefok zioenez, «Tubalek tiberiarrak sortu zituen, egun iberiarrak izena dutenak». Hori zela eta, Jeronimo Estridongoak, Isidoro Sibiliakoak eta Nennius galestar monjeak tribu italikoen eta iberiarren arbasotzat jo zuten Tubal.
Espainiako mitologian Isidoro Sibiliakoak beste urrats bat eman zuen Hispania bisigodo katolikoaren batasunari begira. Jatorrizko iberiarrak eta etorri berriak ziren bisigodoak, inbasoreak, ahaidetu egin zituen hauek Tubalen anai Magog-en ondorengo bihurtuz[2].
Kataluniako mitologiaren arabera, k. a. 2157an Tubal familiarekin Jaffatik atera eta Francolí ibaiko bokalera ailegatu zen, non Tarraho bere semearen izena zuen hiri bat —egungo Tarragona— eratu zuen. Handik Ebrora joan zen (haren bigarren semeak Iber izena omen zuen), non hainbat hiri eratu zituen, besteak beste Amposta.[3] Tubal 155 urtez Iberiako erregea izan zen, eta Iberrek ordezkatu zuen. Kondaira Erdi Aroan ospetsu bilakatu zen, eta adibidez San Juan de la Peñako kronikak eta Alfontso X.a Gaztelakoak errepikatu zuten.
Euskal mitologian tubalismoaren ideia Ximenez Arradakoak hedatu zuen lehenengo[4], eta ondoren Esteban Garibaik[5] anplifikatu zuen, euskal apologisten aitzindaria. Andres de Poza urduñarrak Tubal euskaldunen arbasoa zela adierazi zuen. Hiru mende geroago Agosti Xahok Histoire primitive des Euskariens-Basques bere liburuan Aitorren elezaharra asmatu zuen, Tubalen oinordekoa zela esanez. Kondaira horrek Euskal Herriko historiari buruzko sinesmen errotu bat osatu zuen, tubalismo izenekoa.[6]