Turismo

Parisko Eiffel Dorrea, munduan turista gehien jasotzen dituzten tokietako bat.

Turismoa jendeak bere ohiko bizitokitik kanpo egiten dituen bidaia eta egonaldietako jardueren multzoa da, aisialdi, lanbide edo bestelako helburuetarako, urtebetea baino iraupen txikiagoaz[1]. Turismoa egiten dutenei turista deritze. Emandako definizioaren arabera, turistak dira, esaterako, oporretan beste herrialde, eskualde edo hiri batera doazen pertsonak eta familiak, feria edo enpresako biltzar bat dela etxetik kanpo dauden langileak [2], osasun-arrazoiengatik bainutegi batera joan behar duen pertsonak, Mekara erromes joaten diren musulmanak eta eguneko txango bat egiten duten familiak [3].

XX. mendetik garrantzi handia hartu duen jarduera da ekonomia zein kultura arloan, zerbitzuen sektorea osatuz, ostalaritzarekin estu loturik, munduko toki askotako paisaia, bizimodua eta ohiturak aldatuz. Gizarte ikuspegi batetik, turismoak gizabanakoari bizipen interesgarriak ere eskaintzen dizkio, ezagutzen ez dituen tokiak eta jendeak ezagutuz. Halaber, turismoak herri eta kultura ezberdinen arteko harremanak sortu eta sendotu ere egiten ditu, jendetza-turismoak tokiko jatorrizko kulturaren desagerpena ekar badezake ere. Bertako ingurumenean ere ondorio latzak eragin ditzake turismoaren gehiegizko garapenak.

Azken aldi honetan, bidaiari eta turista hitzak bereizteko joera sortu da gizartean. Turistak bere bidaia eta egonaldietarako turismoaren ekonomiak propio jarritako tokiak eta azpiegiturak (hotelak, garraioak, ikusgarriak) erabiltzen dituen bitartean aurretik antolatutako modu batez, bidaiaria helmuga eta baliabide horiek saihesten saiatzen da, bere bidaian zehar ezagututako jendeari esker eta ikasitakoaren bitartez bizipen pertsonala indartuz.

  1. Nazioarteko Turismo Erakundeak 1993 urtean emandako definizioa da hau.
  2. Ez dira, ordea, turistak kanpora lan egitera joan eta horregatik ordainsaria jasotzen duten langileak, azafatak edo kazetariak, esaterako.
  3. Nabarmendu behar da ez dela zuzena turismoa besterik gabe oporrekin lotzea: lan, osasun eta bestelako arrazoiengatik ere egin daiteke turismoa.

Developed by StudentB