Txernobylgo hondamendia | |
---|---|
Mota | hondamendi nuklear hondamendi ekologiko |
Data | 1986ko apirilaren 26a (01:23. UTC+04:00) |
Kokaleku | Txernobylgo zentral nuklearra |
Herrialdea | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Parte-hartzaileak | Iekaterina Ivanenko (en)
|
Honen ondorioa | Declaration of State Sovereignty of Ukraine (en) |
Pertsona hilak | 4.000 |
Txernobylgo hondamendia (errusieraz: Черно́быльская ава́рия, translit.: Txernóbilskaia avárija; ukraineraz: Чорнобильська катастрофа, translit.: Txornobilʹsʹka katastrofa) Ukrainako Txernobyl hirian gertatu zen 1986ko apirilaren 26an. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen, Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalan 7. mailan kokatzen da (denetan handiena).
Egun hartan, Lenin zentral nuklearreko 4. erreaktorean bat-bateko potentzia igoera bat izan zen. Honek erreaktore nuklearraren nukleoa gehiegi berotzea eragin zuen; ondorioz, bere barnean bildutako hidrogenoa lehertu egin zen, energia elektrikoaren horniketa eten egin zela simulatzeko proba batean.
Askatu zen material erradioaktibo kantitateak (1945ean Hiroshiman jaurtitako bonba atomikoak askatutakoa baino 500 bat aldiz gehiago izan zela uste da) ofizialki 31 lagun hil zituen zuzenean, eta Sobietar Batasuneko gobernuak beste 135.000 inguru hartatik ateratzera behartu zituen. Europako iparraldeko eta erdialdeko hainbat herrialdetan erradioaktibitatea detektatu zenean, nazioarteko alarma sortu zen. Ondorio ekonomikoez gain, hondamendiak epe luzera osasun publikoan izan dezakeen eragina ere ikertu izan da. Atera dituzten ondorioak eztabaidagai badira ere, guztiak bat datoz honetan: kutsadura jasan duten milaka eta milaka lagunek, beren bizitzako uneren batean pairatu dituzte edo pairatuko dituzte horren ondorioak osasunean.
Ukrainako gobernuarekin izandako negoziazio luzeen ondoren, munduko hainbat estatuk zentralaren behin betiko itxieraren kostuak finantzatu zituzten, eta 2000ko abenduan bukatu zen itxiera. 2004az geroztik erreaktorearentzako sarkofago berri bat eraikitzen ari dira.
Historialari batzuek gertaera honek eragindako hondamendia 1991n jazotako Sobietar Batasunaren desegitearen hasieraren mugarritzat eta abiapuntutzat jotzen dute.