Tximista Gerra

Tximista Gerra (alemanez: Blitzkrieg) Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek asmatu zuten estrategia militarra bat izan zen, etsaia ustekabean eta mugitu ezinik harrapatzea zen, bertan txikitzeko. Horretarako su-ahalmen handia behar zen, bat-batean erabili, infanteriak etsaia aurretik eraman, haren lerroetan barruraino sartu, atzealdea nahasi eta gainerako defentsa lerroak inguratu.

Tximista Gerrak arma ezagunak erabili zituen, baina era berrian erabilita. Tankeak aldraka erabiltzen ziren eta, ehuneko taldeetan, fronte txiki bati erasotzen zioten, motordun artilleria eta infanteria lagun zituztela. Tankea edo gurdi korazatua izugarri hobetuta zegoen ingelesek Lehen Mundu Gerran asmatu zutenetik; alemanen tanke berriei Panzer esaten zitzaien eta pisu eta neurri handikoak ziren. 1942. urte erdialdean, Afrika iparraldeko basamortuan egin beharreko borroketarako, Kw IIIeta IV. fabrikatzen ziren, hogeita hamar toneladatik gorakoak eta Tigreak, ia hirurogeikoak. Alemaniako industriak milaka eraiki zituen: Sobietar Batasunaren inbasioan, Wehrmacht edo alemaniar armadak 8.000 tanketik gora zeuzkan Panzerdivisionen edo panzer sailetan. Horri esker, Alemaniako armadak lortu zituen su egiteko ahalmena eta azkartasuna jasanezinak ziren garai hartako armada guztientzat. Txoke indarrak osatzeko, injinerutza unitateak, transmisioetakoak eta aire erasoetarako artilleria ere bazituen. Airetik, lurrekoei aurrera egiten laguntzeko, eraso hegazkinek arerioen atzealdea suntsitzen zuten.

Gerora, Aliatuek ere ikasi zuten tximista gerra eta armada korazatua erabiltzen Afrikaren iparraldean eta Sobietar Batasunean. Alemaniar Tiger tankeak baino txikiagoak baziren ere, britainiarren Churchill VII (40 t) eta Cromwell VII.ak eta amerikarren Sherman M4-ak (30 t) alemanei nagusitu zitzaizkien Saharako areetan eta Errusiako estepetan.


Developed by StudentB