Unibertsitate pribatua edo goi hezkuntzako ikastetxe pribatua gobernu batek kudeatzen ez duen unibertsitatea da, eta ez du finantzaketa publikorik jasotzen. Beraz, aldaketa politikoek edo aurrekontu murrizketek ez die unibertsitate publiko bati bezainbeste eragiten. Unibertsitate pribatuak beren diru-sarrerekin finantzatzen dira; diru-sarrera horiek ikasleen matrikuletatik, dohaintza partikularretatik edo ikerketa-taldeek erregistratutako patenteetatik etorri ohi dira.
Eskualdearen arabera, zentro pribatu horiek gobernuaren araudiari lotuta egon daitezke edo ez. Unibertsitate pribatuak ohikoak dira herrialde batzuetan, baina ez dira existitzen beste batzuetan.
Oro har, unibertsitate pribatuek matrikulazio prezio altuagoa dute ikaslearentzat unibertsitate publikoek baino, ez baitute zergetatik datorren diru laguntzarik jasotzen, baina batzuetan, bereziki Estatu Batuetan, ikasle kopuru handi batek jasotzen dituen bekak eskaintzen dituzte.