Unibertsoa existitzen den materia eta energia guztia eta horiek existitzen diren espazioaren eta denboraren batasuna da[1]. Unibertsoaren barruan existitzen diren atomo, molekula, planeta, satelite, planeta nano, izar, galaxia eta galaxien arteko eduki guztia dago. Unibertsoaren tamaina ezezaguna bada ere[2], Unibertso behagarriaren tamaina kalkulatzea posible da. Europako Espazio Agentziaren Planck satelitea erabilita 90.680 milioi argi-urte ditu zabaleran, lehen uste zena baino % 0,7 txikiago[3].
Unibertsoaren lehenengo ereduak Antzinako Grezia eta Indiako filosofoek garatu zuten, eredu geozentrikoa, Lurra Unibertsoaren zentroan ezarriz[4][5]. Mendeetan zehar ikerketa sakonagoak egin ziren eta Nicolaus Copernicusek eredu heliozentrikoa proposatu zuen, Eguzkia jarrita Unibertsoaren eta Eguzki-sistemaren zentroan. Isaac Newtonek grabitazio unibertsalaren legea garatu zuen Copernicusen, Tycho Braheren eta Johannes Keplerren planeten mugimenduaren legea jarraituz. Behaketak aurrera joan ahala jakin zen gure Eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxian kokaturik dagoela, eta hau Unibertsoan dagoen galaxietako bat baino ez dela. Pentsatzen da galaxiak modu uniformean sakabanaturik daudela norabide guztietan, eta Unibertsoak ez duela, beraz, ez ertzik ez erdigunerik. XX. mendearen hasieran egindako ikerketek proposatu zuten Unibertsoak hasiera bat izan zuela, eta espantsioan ari dela[6], geroz eta abiadura handiagoan[7]. Unibertsoaren masa gehiena ezagutzen ez den materia ilun izeneko zerbaitetan dagoela uste da[8].
Big Bang teoria da gaur egun Unibertsoaren garapena azaltzeko teoria nagusia kosmologian. Teoria honen arabera, espazioa eta denbora orain dela 13.799±21 milioi urte sortu ziren[9] materia kopuru mugatu batekin, Unibertsoaren espansioarekin dentsitatea galduz joan dena[10]. Hasierako espantsioaren ostean, Unibertsoa hoztu zen, lehenengo partikula subatomikoak sortzea baimenduz, eta atomo sinpleak osatuz. Laino erraldoiak batzen hasi ziren grabitazio indarraren eraginez, galaxia, izar eta, orokorrean, ikus dezakegun guztia sortuz. Guregandik 13.799 milioi argi-urtera baino urrunago dauden objektuak ikustea posible da gaur egun, espazioa bera ere hedatu delako. Hau dela eta, gugandik 46.000 milioi argi-urtera dauden objektuak ikustea posible da, sortu zirenean gugandik askoz gertuago zeudelako[11].
Unibertsoaren amaieraren inguruan hipotesi asko daude, baita Big Bangaren aurretik, aurretik kontzeptua existitzen bazen, egon zenaren inguruan. Hainbat fisikari eta filosofok espekulazioaren eremuan uzten dute hau, inoiz jakitea posible izango ote den zalantzan jarriz. Fisikari batzuek multibertsoaren ideia proposatu dute, gurea existitu daitekeen Unibertsoetako bat baino ez dela argudiatuz[12][13].