Urte | |
---|---|
Azpiklasea | Q3411974 |
Neurtzen du | iraupena |
Unitate estandarretan | 31.558.000 s, 12 hilabete eta 365,25 d |
Ikurra | a, год, г., год., j., l. eta a |
Urtea, Lurrak Eguzkiaren inguruan bira oso bat ematen igarotzen duen denbora da[1]. Beste edozein planeta edo argizagiren orbita-periodoa ere bada. Lurraren makurdura axiala dela-eta, urtebetean urtaroak igarotzen dira, hainbat aldaketek markatua: eguraldia, argi-orduak eta, hortaz, landaredia eta lurraren emankortasuna. Adibidez, mundu osoko klima epeletan, Euskal Herrian barne, lau urtaro klasiko bereizi izan dira: negua, udaberria, uda eta udazkena.
Urte natural bat Lurraren orbita-periodoaren egun kopurua da gutxi gora-behera, egutegi jakin baten araberakoa. Egutegi gregorianoa, munduan hedatuena, 365 egun ditu urte arruntean eta 366 egun bisurtean, 12 hiletan taldekatuak. Egutegi gregorianoan, urtearen batez besteko iraupena, 400 urteko ziklo osoan, 365,2425 egunekoa da. Urtea adierazteko ez dago sinbolo ofizialik, baina a erabili ohi da (latinezko annus hitzetik), nahiz-eta batzuetan y eta yr ere erabili (ingelesezko year hitzetik). Honen multiploak dira Ma (megaurtea, geologian erabilia), Ga (gigaurtea) eta Ka (kilourtea).
Astronomian, juliotar urtea, denbora neurtzeko unitate bat da, zehazki 86.400 segundoko 365,25 egun dituena (segundoa SI sistemaren oinarrizko unitatea izanik), eta hortaz 31.557.600 segundo dirauena[2].
Hamar urteko aldiari hamarkada deritzo, ehunekoari mende eta milakoari milurteko. Lau urtek olinpiada bat osatzen dute eta bost urtek bosturteko bat.