Ustelkeria

Ustelkeria gaitzetsiz Afrikako hiri batean jarritako iragarkia: ustelkeria mesede baten trukean dirua jasotzean datza askotan.

Ustelkeria agintea, erabakitzeko ahalmena nahiz bestelako eskumenak dituen pertsona batek burutzen duen jardueraren desitxurapena da, pertsona horren jakinaren gainean, jardueraren arau legal nahiz moralak hautsiz eta etekin ekonomikoa, politikoa edo pertsonala eskuratuz. Adibide garbi bat, egindako mesede baten trukean beste baten eskutik dirua jasotzen duen politikaria da. Ustelkerian bi alderdi izaten dira: ustela edo bere eskumenen erabilera okerra egin duen pertsona eta usteltzailea edo mesedea jasotzen duen pertsona edo erakundea. Batzuetan, ordea, ustela bakarrik jarduten da, ondasun publikoak lapurtu egiten dituen funtzionarioaren kasuan, esaterako.

Transparency International GKEak ustelkeria tasak neurtzen ditu eta, haren 2023ko txostenean adierazi denez, ustelkeriak gora egin du munduan, oro har. Espainiak eta haren administrazioak ustelkeria tasa handiak agertu dituzte, eta horiek okertu egin dira 2023an.[1] Munduko estatuen ustelkeria rankinean, Espainiak 100etik 60ko puntuazioa eta 35. postua du Transparency International erakundearen arabera, non 1. postuak (eta 100eko puntuazioak) ia ustelkeriarik ez egotea esan nahi baitu. Kokatzen da Letonia eta Qatarren aitzinetik eta Botswana, Cabo Verde eta Saint Vincent eta Grenadinen gibeletik. Frantziak eta haren administrazioak, berriz, 72 puntu eskuratu dituzte 100etik, eta 21.a da munduko rankingean. Danimarka, Finlandia eta Zeelanda Berria dira lehenak rankingean, ustelkeria tasa txikienaz munduan, txosten beraren arabera (2023).[1]

  1. a b (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-01-31). «El Estado español baja nota contra la corrupción y está entre Botswana y Qatar» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-02-01).

Developed by StudentB