Vincent Willem Van Gogh (nederlanderaz: [ˈvɪnsɛnt ˈʋɪləm vɑn ˈɣɔx](entzun); Zundert, Ipar Brabant, 1853ko martxoaren 30a - Auvers-sur-Oise, Val-d'Oise, 1890eko uztailaren 29a) margolari postinpresionista herbeheretar ospetsua izan zen. Hamarkada bakarrean 2.100 artelan inguru egin zituen, haien artean 860 oleo-margolan, gehiengoak bere bizitzako azken bi urteetan margotuak.[1]
Haren artelana paisaia, natura hil, erretratu eta auto-erretratuek osatzen dute, kolore indartsu eta pintzelkada adierazgarri zein oldarkorrengatik bereiziak, gerora arte modernoaren oinarri izan zirenak. Bere buruaz beste egin zuen 37 urterekin gaixotasun eta txirotasunez beteriko bizitza baten ostean.
Familia dirudun batean jaioa, umetan izaera serio, isil eta adimenduna zuen, marrazten txikitan hasi zelarik. Gaztetan arte merkatari bezala egin zuen lan, asko bidaiatuz, baina Londresera bizitzera joatean beheraldia eduki zuen. Hori zela eta, erlijiorantz jo zuen, Belgikako hegoaldean misiolari protestante bezala jardunez. Gaixo eta bakardadean zegoen 1881ean margotzera bueltatu aurretik, bere gurasoen etxera itzultzean. Theo anai gazteak ekonomikoki mantendu zuen, bien artean gutun bidezko posta-truke luzea mantenduz. Bere lan goiztiarrek, gehienbat natura hil eta nekazarien erretratuak, geroagoko lanetatik bereizten diren kolore bizien seinale batzuk dituzte. 1886an Parisera joan zen, eta Émile Bernard zein Paul Gauguin bezalako abangoardismo mugimenduko partaideak ezagutu zituen, inpresionismoaren sentiberatasunaren aurkakoak zirenak. Bere lana garatu ahala, natura hil eta inguruko naturaren ikuspuntu berri bat eratu zuen. Margolanak argiagoak eta biziagoak bilakatzen joan ziren, eta 1888an Frantziako hegoaldean zegoen Arlesen egin zuen egonaldian, estiloak bere momentu gorena lortu zuen.[2]
Denboraldi horretan, hainbat aztergai probatzeari ekin zion eta olibondo, gari-soro eta ekiloreak marraztu zituen.
Van Goghek pasarte psikotikoak eta eldarnioa jasaten zituen eta bere buru osasunaz kezkatzen zen arren, bere osasun fisikoa baztertu zuen nahikoa jan gabe eta oso zintzurkoia izanaz. Bere lagun Gauguinekin zuen harremana haserrealdi batean bizarra mozteko labainarekin ezkerreko belarriaren zati bat moztean amaitu zen. Ondoren, Saint-Rémyko ospitale psikiatrikoetan denboraldi bat eman zuen. Senda-agiria eman ziotenean, Auvers-sur-Oisera joan zen, Parisetik hurbil, non Paul Gachet sendagile homeopatikoaren ardurapean geratu zen. Depresioaz jarraitu zuen 1890eko uztailaren 27a arte: egun hartan, bere bularrari tiro egin zion errebolber batekin.[3] Zaurien ondorioz, bi egun geroago hil zen.
Van Goghek bizi izan zen bitartean ez zuen arrakastarik lortu; ostera, zoro eta okertzat hartzen zuten. Bere buruaz beste egindakoan bilakatu zen ezagun, eta jendartean jenio ulertu gabetzat bezala ezagutua izan zen, erotasun eta bikaintasuna batzen zituen artista. XX. mendearekin batera hasi zen Van Goghen ospea handitzen, bere margotze estiloa Fauvista eta Expresionista alemaniarrek gorpuztu zutenean. Margolari ezagun, baina tragiko bezala gogoratzen da Van Gogh, izaera asaldatuak artistaren ideal erromantikoa mantentzen duena.[2]