WikiLeaks | |
---|---|
Datuak | |
Mota | nazioarteko erakundea eta whistleblower platform (en) |
Herrialdea | Australia |
Erabilitako hizkuntza | ingeles |
Historia | |
Sorrera | 2006ko urriaren 4a |
Sortzailea | |
Jasotako sariak | |
webgune ofiziala |
WikiLeaks irabazi asmorik gabeko komunikabide eta erakunde mediatiko bat da. Australiako editore, erredaktore eta aktibista den Julian Assangek sortu zuen 2006an. Erakundea, nagusiki, dohaintzen bidez eta beste komunikabide batzuekin duen elkarlanari esker finantzatzen da. Ezaguna da iturri anonimoen bidez jasotako dokumentu sailkatuak argitaratu izanagatik. Erakundean duen inplikazioagatik, Assange gaur egun Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) estraditatua izateko eskaeraren kontra borrokatzen ari da. Hori dela eta, Wikileaksen zuzendaritza Kristinn Hrafnsson-i utzi zion eta 2018ko irailetik bera da erredakzio-buru.[1]
Erakundearen webgunean adierazten da hamar milioi dokumentu eta analisi baino gehiago argitaratu dituztela. Argitalpen berriena 2021ekoa da, eta jatorrizko dokumentuen azken argitalpena 2019koa. Hala ere, 2022ko azarotik erakundearen webguneko dokumentu asko ezin dira eskuratu.[2]
Hainbat gobernuk egindako giza eskubideen eta libertate zibilen urraketa larriak argitara ematen lagundu du WikiLeaksek. Zehazki, 2007ko uztailaren 12an Bagdaden egindako aireko erasoaren irudiak argitaratu zituen, «Hilketa kolaterala» izenburupean. Eraso horretan, AEBetako helikoptero baten tripulazioak Reuters agentziako zenbait kazetari irakiar eta hainbat zibil erail zituen. Beste filtrazio batzuk ere argitaratu ditu erakundeak, besteak beste, AEBko telegramen publikazioa, Siriako (Syria Files)[3][4] eta Turkiako gobernuen[5][6] mezu elektronikoak, eta Kenyan eta Samherji enpresan gertatutako ustelkeria ezagutarazi zuten dokumentuak.
Horrez gain, CIAk gerra informatikorako (ingelesez, cyberwar) eta kontrol elektronikorako sortutako tresnei buruzko berriak argitaratu ditu (Vault 7 dokumentuak), baita AEBko Segurtasun Agentzia Nazionalak Frantziako hainbat presidente kontrolatu izanari buruzko informazioa ere.[7][8] 2016ko AEBko hauteskunde presidentzialetan AEBko Demokraten Batzorde Nazionalaren (DNC) eta Hillary Clintonen kanpaina zuzendariaren mezu elektronikoak argitaratu zituen, hauteskunde primarioetan DNCk Clintonen kanpainaren alde jokatu zuela eta Bernie Sandersen kanpaina ahultzen saiatu zela erakutsiz. Horrek DNCko presidentearen dimisioa eragin zuen eta Clintonen kanpainari kalte nabarmena eragin zion.[9][10]
Gardentasuna areagotzeagatik, prentsa askatasunari laguntzeagatik eta erakunde boteretsuei aurre egiteagatik goraipatua izan den arren, WikiLeaks-ek kritikak ere jaso ditu, edukiak behar bezala ez zaintzeagatik eta pertsonen pribatutasuna urratzeagatik. Informazio pertsonal sentikorra argitara eman izana leporatu diote, hala nola, AEBko Gizarte Segurantzako zenbakiak, historia klinikoa, kreditu-txartelen zenbakiak eta suizidio saiakerei buruzko xehetasunak.[11][12] Clintonen kontrako eta Trumpen aldeko aurreiritziak izatea ere leporatu diote, eta baita Errusiako Gobernuarekin lotura izatea ere, filtrazioak salerostea eta barne-gardentasun falta izatea. Vault 7 dokumentuak argitaratu ondoren, CIAk «estatukoa ez den inteligentzia zerbitzu oldarkor» gisa definitu zuen WikiLeaks.[13]