Mendeak: | |
XVII.a - XVIII.a - XIX.a | |
Hamarkadak: | |
1700koa 1710koa 1720koa 1730koa 1740koa1750koa 1760koa 1770koa 1780koa 1790koa | |
Kategoriak: | |
Jaiotakoak - Hildakoak |
XVIII. mendea 1701. urtetik 1800. urtera bitarteko aldia da (bi urte horiek barne). XVIII. mendean zehar Argien Garaiaren ideietako batzuek Frantziako, Amerikako eta Haitiko Iraultzetan garatu ziren. Esklabotza bortitzaren eta giza-trafiko globalaren aroa izan zen. Pobrezia eta aberastasunaren arteko aldea handitzen joan zen mende osoan zehar[1]. Monarkia eta aristokraziaren boterearen aurkako erreakzioak hainbat erantzun iraultzaile eta matxinada sortu zituen mende osoan zehar. Antzinako Erregimenaren eta sortzen ari zen burgesia berriaren arteko talka areagotu zen urte hauetan[2]. Mendearen hasieran 600 milioi pertsona inguru bizi ziren Lurrean, eta amaitzerakoan 970 edo 980 milioi[3][4][5].
Europa kontinentalean filosofoek mundu berri bat amesten zuten, eta batzuen ametsa Frantziako Iraultzan egia bilakatu zen 1789an, nahiz eta beranduago Maximilien Robespierrek Izu Garaia piztu zuen 1793-1794 tartean[6]. Hasiera batean, Europako monarkia ugarik Argien Garaiko idealak bereganatu zituzten, baina Frantziako Iraultzaren garaipenarekin euren boterea galtzeko arriskua ikusi zuten eta koalizio kontrairaultzaileak sortu zituzten. Otomandar Inperioak inoiz ez bezalako bake eta hedapen ekonomiko garaia bizi zuen, eta ez zuen Europan gerra batean ere parte hartu 1740 eta 1768 artean. Ondorioz, inperioak ez zituen bizi izan Zazpi Urteko Gerran (1756-1763) emandako garapen militar guztiak, eta Errusiar Inperioaren aurka galdu zituzten hainbat gudu mendearen bigarren erdian[7]. Mende honetan ere Polonia eta Lituaniaren arteko Bi Nazioen Errepublika amaitu zen; behinola erresuma handi eta boteretsua izan zena, Mosku eta otomandarrak garaitu zituena, inbasioen ondorioz erori zen. Bere gobernu erdi-demokratikoa ez zen nahikoa izan inguruan zituen monarkiekin lehiatzeko, izan ere Prusiako Erresumak, Errusiar Inperioak eta Habsburgotar monarkiak lurraldea zatitu eta bereganatu zuten, hurrengo ehun urteetako Europa erdialdeko mapa eraldatuz.
Ameriketako europar kolonizazioak eta munduko beste hainbat lekuetakoak aurrera jarraitu zuen, migrazio masiboak ugaritu eta tamainaz handitu ziren eta Nabigazioaren Aroak jarraitu zuen. Erresuma Batua mundu mailako potentzia bilakatu zen, Frantsesen eta Indiarren Gerraren ostean 1760eko hamarkadan, eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren agintearekin Indiaren gaineko agintea eskuratu zuen. Hala ere, laster galdu zituen kolonietako batzuk Ameriketako Iraultzaren ondorioz: Ameriketako Estatu Batuak sortu ziren. Industria Iraultza ere hasi zen Britainia Handian 1770eko hamarkadan, lurrun-makinaren asmakuntzaren ondorioz[8]. XVIII. mendean oraindik industria txikia bazen ere, mundua eta ingurumena erradikalki eraldatuko zen prozesua hasi zen. Txinak hedatzen jarraitu zuen, 1759an bere hedadurarik handiena lortu zuen arte. Inperio erraldoi honek egoera ekonomiko ona izan zuen eta demografia hazkuntza oso handia. Japoniak isolamendua praktikatzen jarraitu zuen mende osoan zehar, eta Asiako hego-ekialdeko estatuek independentzia defendatu zuten Europaren kolonialismoaren eta Txinaren hazkuntzaren aurrean.
XVIII. mendeak aldaketa izan zuen ere artean. Musikan barrokoa, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händelekin, eta musika klasikoa garatu ziren, Joseph Haydn eta Wolfgang Amadeus Mozartekin. Margolaritzan rokoko estiloa egon zen modan mende hasieran, eta neoklasizismoa amaieran. Erretratua izan zen margolaritzan gehien garatu zen estiloa, patrono aberatsen enkarguz sortutako artelanak.