Xiismo

Xiitak Bahraingo prozesio batean.

Xiitak Islamaren adar garrantzitsuena dira, sunitekin batera.

Xii izena xī'at 'Alī esaeratik dator, arabieraz «Aliren alderdia». Mahoma profetak, 632. urtean hil zenean, ez zuen bere oinordetzari buruz ezer zehazturik utzi, eta horrek alderdien arteko borrokak ekarri zituen. Alderdi batek, Ali ibn Abi Talib profetaren suhi eta lehengusua defendatu zuen legezko kalifa (ondorengo) gisa, profetaren gertueneko pertsona izan zela argudiatuz. Hala, xiitek kalifa izateko izendatu ziren guztiak errefusatu zituzten, banan banan: Abu Bakr, Omar eta Uthman. Hiru horien ondoren, Alik kalifa izatea lortu zuen. Omeiatarren leinukoa zen Muawiyak, Siriako gobernadoreak, ordea, Aliri aurreko kalifaren hilketa leporatu zion. Omeiatarrak Aliren izendapenaren aurka azaldu zirenean, gerra odoltsu bat hasi zen. Azkenean, bi aurkariek erabakia epaile neutral baten eskuetan uztea hitzartu zutenean, Aliren alderditik kharijien adarra ez zen konponbidearekin ados agertu, eta xiiten taldetik bereizi zen (jariyi, "bereiztea"). Jariyi batek, 661ean, Ali hil zuen, eta, egun berean, Muawiya eta epailea hiltzen saiatu ziren. Kharijien ustez, kalifa ez da leinu edo familia jakin batentzako titulua; musulmanen artean duinenari eman beharko litzaioke, esklabo beltza izanik ere.

Xiitek Hasan, Aliren semea, hartu zuten oinordeko, eta, hark aginteari uko egin ondoren, Husain anaia. Husainek matxinada bat gidatu zuen omeiatarren aurka, eta 680an hil zuten, Karbalan (Irak) gudukatzen ari zela. Husainen martirio eta heriotzak xiiten eta geroago sunita deitu zirenen arteko bereizkuntza markatu zuen.

Korana haien testu sakratua da, eta sunna ere aintzakotzat hartzen dute, baina sunitek baino gutxiago.


Developed by StudentB