Aritmetikan, zatikia, frakzioa edo zatikizko zenbakia osotasun baten zati bat adieraz dezakeen zenbaki bat da. Adibidez, 1/2 zatikiak guztirakoa bi zatitan egin eta zati horietako bakoitzaren neurria edo kopurua adierazten du. a/b zatikian, a zatikizuna (edo zenbakitzailea) da eta b zatitzailea (edo izendatzailea). a/b zatikia izateko gainera, a eta b zenbaki osoak izan behar dira (horrela 1,56/2 ez da zatikia [1]). Zatikiei zenbaki arrazional ere deritze, baina zatiki izendapena aritmetikan erabiltzen da gehienbat eta zenbaki arrazional izena matematika abstrakturako uzten da.