Zelula horma edo zelula pareta, zelula inguratzen duen geruza gotorra da. Bakterio, archaea, onddo, landare eta algen zeluletan agertzen da. Animalien eta beste protistoen zeluletan ez dago zelula hormarik eta beraz zelula mintzak soilik inguratzen du zelula.[1]
Zelula motaren arabera zelula hormak osagai eta eraketa desberdinak ditu baina guztietan ere funtzio bera du: Zelula babestea, zurruntasuna eta balantze osmotikoa emanez. Aldi berean hainbat molekulentzako iragazkorra izan behar da eta organismo zelulaniztunen kasuan zelulen arteko komunikazioa bermatzen duten egiturak ditu.