Zesta punta pilota joko bat da, xistera handia izeneko saskiarekin jokatua. Kirol honi Jai Alai ere esaten zaio nazioartean, eta hala da ezaguna Euskal Herritik kanpo kirol hau jokatzen duten herrialdeetan: Frantzian, Mexikon, Espainian, Filipinetan eta Ameriketako Estatu Batuetan, kasu. Zesta puntan jokatzen duen pilotariari puntista edo zestalari deritzo. Pilotaleku bereziek ere Jai alai izenda daramate munduan, ohikoan.
Munduko joko bizkorrena omen da, pilotak hartzen duen abiadura dela-eta. Ahuntz larruz forraturiko 125-140 gramoko pilotak 302 km/h hartzera iristen da (Jose Ramon Areitio puntistari neurtutako marka, Estatu Batuetako Rhode Island estatuko Newport hiriko Jai Alai pilotalekuan).