Zuhaitza[1] zurezko landare handi eta bizikorra da. Sustraiak, enbor bat edo gehiago, adarrak eta hostoak ditu. Azalak, larruaren parekoa dena, infekzioen eta onddoen aurka babesten du, eta garatzerako behar dituen ura eta elikagaiak adar eta hostoetara garraiatzen ahalbidetzen dio. Beste landareak baino handiagoak dira eta espezie batzuek (sekuoia gorriek, adibidez) 100 metroko garaiera gaindi dezakete, eta milaka urtez bizi[2]. Zuhaitzak duela 370 milioi urte sortu ziren. Munduan 3 bilioi zuhaitz heldu baino gehiago daudela uste da[3].
Zuhaitz talde txikiek zuhaiztiak osatzen dituzte eta populazio handiek, berriz, baso eta oihanak.
Paisaia naturalaren osagai garrantzitsuak dira: izan ere, higadura prebenitzen dute eta eguraldiaren gorabeheretatik babestutako ekosistema eratzen dute. Oxigenoa sortzeko eta atmosferan karbono dioxidoa murrizteko orduan ere garrantzitsuak dira, baita lurzoruko tenperatura txikitzeko ere. Landa- eta hiri-paisaiaren eta nekazaritzaren elementuak ere badira, bai itxura erakargarria dutelako, bai fruta-arbolen baratzeetan fruituak ekoizten dituztelako. Zuhaitzen zura eraikuntza-materiala da, baita lehen mailako energia-iturria ere. Halaber, eginkizun garrantzitsua dute munduko mitologia askotan. Euskal Herrian, adibidez, Gernikako arbola garrantzi handiko ikurra da oraindik ere.