Diktadura

Demokraziaren Indizea, The Economist aldizkaria, 2023.[1] Gorriak erregimen autoritarioak erakusten ditu; zenbat eta ilunago, ziurrenik diktadura bat. Diktadurarik berrienak Afrikan eta Asian daude.

Diktadura (latinezko dictatura hitzetik) gobernu modu bat da, boterea gizabanako bakar baten (hau da, diktadore baten) eskuetan biltzen duena, gehienetan de facto ezarritako gobernu baten bidez. Diktadura baten ezaugarri dira botere banaketarik ez egotea; agintea arbitrarioki gauzatzea, hura babesten duen gutxiengoaren mesedetan; herritarrek inolako adostasunik ez izatea; eta ezinezkoa izatea oposizioa boterera iristea prozedura instituzional baten bidez.[2]

Historikoki, diktadura terminoak antzinako Erromatar Errepublikaren magistratura bereziari ere egiten dio erreferentzia, eta hortik dator haren jatorria. Gerra kasuetan edo larrialdi egoeretan, erromatar senatuak botere absolutuak ematen zizkion gizon bati aldi jakin batean, nahiz eta horregatik ez zen indargabetzen antolamendu politiko eta juridikoa. Hala, gaur egun, ohiz kanpoko egoera bat jartzen da argudiotzat diktadura baten iraupena, eskuarki biziartekoa, legitimatzeko (gerra, gatazka armatua, arriskua, krisia...). Era berean, diktadorea goretsi egin ohi da, herria askatzeko bere bizitza emateko gai den pertsona sakrifikatu gisa, eta, askotan, izaera militarreko eta erlijiosoko naturaz gaindiko izaera batez inguratzen da; eta, bereziki kasu horietan, beste diktadore baten ondorengotza bilatu nahi izaten da. Ezaugarrien arabera, diktadura autoritario edo totalitario bat izan daiteke.[2]

Aro garaikidean, zenbait konstituzio demokratikok, hala nola Weimarko Errepublikarena Alemanian, salbuespenezko egoerak aurreikusi izan dituzte diktadura arrazoitzeko, termino hori demokraziari kontrajarritako gobernu modua ez balitz bezala.[2] Beste muturrean, itxurazko demokrazia jantziz estalitako diktadurak daude, horretarako plebiszituak, eufemismoak eta beste erabilita.[3]

  1. (Ingelesez) «Democracy Index 2023» Economist Intelligence Unit (web.archive.org) 2024-02-14 (Noiz kontsultatua: 2024-04-02).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Molina, Ignacio; Delgado, Santiago. (1998). Conceptos fundamentales de Ciencia Política. Madril: Alianza editorial ISBN 978-8420686530. OCLC .40913446.
  3. (Ingelesez) Levinson, Sanford; Balkin, Jack M.. (2009-2010). «Constitutional Dictatorship: Its Dangers and Its Design» Minnesota Law Review (web.archive.org) 514: 1789-1866. ISSN 0026-5535. (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).

Developed by StudentB